Gizartea

Beste gizon bat atxilotu dute Donostiako hilketarekin lotuta

Udaltzainek atxilotu dute gizona, gaur goizean. Asteazkenean beste gizon bat atxilotu zuten, baina epaileak aske utzi zuen.

Igandeko hilketa salatzeko elkarretaratzea, astearean, Donostiako udaletxe atarian. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU.
2019ko ekainaren 21a
18:11
Entzun

Donostiako udaltzainek beste gizon bat atxilotu dute gaur goizean igandeko erasoarekin lotuta —lehen atxilotua aske utzi zuten epailearen aurrean deklaratu ondoren—. 61 urteko gizon bati eraso egin eta hura hiltzea leporatzen diote; Udaltzaingoak zehaztu duenez, Ertzaintzarekin batera egindako ikerketen ondorioz gauzatu dute gaurko atxiloketa. Polizia etxean dago orain atxilotua, eta datozen orduetan eramango dute auzitegira.

Asteazkenean beste gizon bat atzeman zuten erasoarekin lotuta, baina udaltzaingoak jakinarazi zuen ezin zuela ziurtatu erasoaren egilea zenik, eta ez zegoela akusaziorik haren aurka. Epaileak aske utzi zuen atzo.

61 urte zituen gizonak, eta Errenterian (Gipuzkoa) bizi zen. Donostian eraso zioten igandean, Gros auzoan; lekukoen arabera, jarraika izan zuen gizonezko bat, eta zebra bide batean lurrera bota zuen. Astelehenean zendu zen, buruan zituen zauri larrien ondorioz; ikertzaileek argitu behar dute ea erasotzaileak zerbaitekin jo zuen, edo lurra jotzean hartutako kolpeak eragin zizkion. Biktimaren senideek adierazi zuten erasoa grabatua zegoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.