Kargutik kendu dute Erresuma Batuko estatu idazkari bat, ekintzaile bati oldartzeagatik

2019ko ekainaren 21a
19:40
Entzun

Erresuma Batuko Atzerri estatu idazkari Mark Field kargutik kendu dute gaur, gobernuak jakinarazi duenez. Diputatu kontserbadorea Greenpeaceko ekintzaile bati oldartu zitzaion atzo gaueko gala batean, eta bideo batean jaso zuten erasoa. Ekintzaileari bultza egin, lepotik heldu, eta afaltzen ari ziren aretotik aterarazi zuen. "Senez" atera zitzaiola argudiatu du diputatuak.

"[Theresa May] Lehen ministroak irudiak ikusi ditu, eta oso kezkagarriak iruditu zaizkio. Poliziak jakinarazi du gertatua ikertzen ari dela", esan du ohar batean Erresuma Batuko Gobernuak. Mansion House delakoan izan ziren gertakariak, Philip Hammond Ekonomia ministroa hitzaldi bat ematen ari zela. Greenpeaceko emakume ekintzaile batzuk sartu ziren aretora, gorriz jantzita, larrialdi klimatikoa salatu asmoz. Haietako bat mahai batetik urbil pasatu zen, hizlariarengana iristeko, eta une hartan oldartu zitzaion Field.

Greenpeacek azaldu duenez, "larrialdi klimatikoaz eta erreforma ekonomiez eztabaidatu" nahi zuen ekintzaileak, kontuan hartuta bankariak eta finantza munduko arduradunak zeudela afarian. Fielden hitzetan, "nahasmenaren erdian, gonbidatu asko mehatxatuta sentitu ziren eta manifestari bat nire ondotik pasatu zenean, senez erantzun nuen. Une horretan ez zegoen segurtasunik, eta segundu batez benetan kezkatu nintzen ekintzailea armatuta egon zitekeela pentsatuta".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.