Josu Urrutikoetxearen auzia

Nazioarteko zenbait pertsona ezagunek "keinu" baikorrak eskatu dizkiote Parisi Urrutikoetxearen auzian

Uste dute erabaki politikoa izan dela hura berriz preso sartzea, eta Dei Auzitegiaren justizia erabakia errespetatzeko eskatu dute. Michel Tubianak, Matt Carthyk, defentsa abokatuek eta familiak egin dute prentsaurrekoa, Parisen. Christiane Taubiraren bideo bat zabaldu dute.

Michel Tubiana, Anais de Courson eta Matt Carthy, gaur, Parisen. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko ekainaren 24a
07:17
Entzun

Hitzordu garrantzitsua du asteazken honetan Josu Urrutikoetxea euskal presoak: Espainiak egindako estradizio eta euroagindu eskaeren harira Parisko Instrukzio Ganberan aztertuko dute bere kasua, eta, prozedura bukatu bitartean libre utzi ala behin behinean preso sartu erabaki beharko du epaileak. "Frantziako prozeduretan libre dela kontsideratzen da", azaldu dute bere abokatuek. Espainiak egindako eskaeren harira asteazkenean berean libre uzteko eskatuko dutela adierazi dute.

Prentsaurrekoa eskaini dute arratsalde honetan Urrutikoetxearen sustenguek, Parisen. Michel Tubiana LGH Giza Eskubideen Ligako ohorezko presindenteak, Matt Carthy Sinn Feineko eurodiputatuak, Jacques Gaillot apezpikuak, abokatuek eta Egoiz semeak. Christiane Taubiraren bideoa bat ere zabaldu dute. Parisko Dei Auzitegiak kontrol judizialpean ibre uztea erabaki ondotik, berriz presondegiratzeko ministerio publikoak hartutako erabakia deitoratu dute eta keinuak eskatu dizkiote Frantziako Gobernuari.

"Nola segitu gerla gudaririk gabe?", galdetu du Michel Tubianak Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidenteak. "Noren kontra? Zeren alde? Ez dakigu oso ongi, ez bada mugimendu baten kontrako garaipen bat irudikatu nahia". Tubianak esan du Urrutikoetxearen atxiloketa Frantziako eta Espainiako estatuen "eskergabekeriaren adibide ona" dela, hark "bake prozesuan hertsiki" parte hartu duelako. "Pieza nagusi bat izan da. Estatuekin elkarrizketa saioak izan ditu, eta horregatik ezagutua da". Ondorioz, Tubianak azaldu du atxiloketa "nahasgarria eta arduragabea" dela.

Aurki ateratzekoa da Thomas Lacoste zinegilearen Hypothèse Démocratique, une histoire du conflit basque (Hipotesia demokratikoa, euskal gatazkaren historia bat) filmarentzat, elkarrizketa egin zioten orain dela hilabete batzuk Christian Taubira Frantziako justizia ministro ohiari. Josu Urrutikoetxeari buruz mintzo da bertan, eta pasarte hori erakutsi dute gaurko prentsaurrekoan. Urrutikoetxearen ibilbidea oroitarazi eta keinuak eskatu ditu. "Gudariak gudari gisa aitortzen ditut, ez biktima gisa. Josu Urrutikoetxeak enfrentamendu militarretik ateratzea ahalbidetu duen heinean —izan dituen hildakoekin, izan dituen torturekin, izan dituen urraketekin, baita legeen zaintzaile direnen aldetik ere—, kontuan hartu behar dugu. Kausa horren hautuan izan duen ausardia kontuan hartzen dugun hein berean, gatazkaren eta bere ondorioen konponbideari ekarpena eginez izan duen indar morala ere kontuan hartu behar da. Zentzu horretan erraten dut keinuak egiteko espazio bat dagoela".

Matt Carthyk Sinn Feineko eurodiputatuak ere hartu du parte agerraldian, eta Irlandako Ostiral Santuko akordioak gogoratu ditu. "1998an gaztea nintzen, baina argiki erran dezaket gudarien rola gabe ez zen bake prozesurik izanen Ipar Irlandan, ez zen bakerik izanen. Momentuan popularrak ez diren ekintza ausartak egiteko gobernuaren borondatea gabe —gudariekin mintzatzea, kontuan hartzea—, ez ziren bizi guzi horiek salbatuko, ez zen komunitateen eta herriaren egoera hobetuko. Garrantzitsua da gobernua keinu ausartak egiteko gai izatea". 

Tiubianak esan du Euskal Herrian "bakea eraikitzeko" lan egiten segituko dutela. "Pentsatzen dugu gizarte horrek baretzea behar duela, elkarbizitza behar duela, biktima guziek edozein izanik ere aitortza lortzea". 

Anaïs de Courson frantziar aktoreak Gerry Adamsek eta Ronnie Kasrilsek Le Monde-n idatzitako artikulua irakurri du. Urrutikoetxea "bake artisau" gisa jo dute Adams Sinn Feineko presidente ohiak eta Kasrils Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kide ohiak Le Monde egunkarian. Artikuluan adierazi zuten Josu Urrutikoetxeak "ezinbesteko rola" jokatu zuela baita armagabetze eta desegiteko prozesuetan eta hura gabe "ia ezinezkoa" zatekela Euskal Herrian gertatutako "aldaketa esanguratsua" gauzatzea.

Aske uzteko erabaki ondoren, atxiloketa

Urrutikoetxea maiatzaren 16an atxilotu zuten, Frantzian, Alpeetan, ospitalera ebakuntza bat egitera zihoala. Pasa den ostegunean izan zuen Parisen aurreneko epaiketa, Dei Auzitegian, ETAko zuzendaritzakide izatea egotzita. 2010ean zazpi urteko kartzela ezarri zioten, baina Urrutikoetxea sasian zen, eta joan den maiatzaren 16an atzeman ondotik eskatu zuten berriro epaitzeko. Kontrol juduzialpean aske uztea erabaki zuen epaileak, baina La Santek espetxetik atera aurretik Espainiaren euroagindu baten berri eman eta atxilotu egin zuten atzera. Datorren ostiralean beste auzi batean epaitu behar dute, Parisen hori ere.

Egun batzuk lehenago Le Monde-n hauek ere Andy Carl Conciliation Ressources erakundearen sortzaileak, Veronique Dudouet US Institute of Peace erakundeko ikerlariak, eta Jean Marie Muller filosofo, idazle eta MAN Bortizkeriarik gabeko Alternatiba baten aldeko Mugimenduaren sortzaileak "ausardia politikoa" eskatu zioten Parisi. Urrutikoetxeak euskal gatazkaren konponbide prozesuan izandako egitekoa azpimarratu dute Carlek, Dudouetek eta Mullerrek, eta haren kasuari "konponbide alternatibo bat" aurkitu behar zaiola iradoki. "Duela 30 urte iragandako ekintza bortitz batzuetan fokalizatutako ikuspegi penal soila lehenetsiz, eta gerra logikatik ateratzeko egindako indarrak aitortzea errefusatuz, bukatu gabeko bake prozesu horretan ausardia eta lidergoa erakusteko aukera erabakigarri bat galtzen du Frantziako Gobernuak".

Frantziako eta Italiako intelektual talde batek ere, Libération egunkarian, Urrutikoetxearen atxiloketa salatzeko agiri bat sinatu zuten maiatzaren amaieran. Atxiloketa "albiste txarra" dela eta euskal gatazkaren konponbiderako egin duen lana "ezinbestekoa" izan dela zioten. Besteak beste, Alain Badiouk eta Toni Negrik sinatu zuten agiria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.