Maquinados de Precision de Mexico eta Cortes de Precision de Mexico dira Bizkaiko taldeak erositako enpresak. Celaya hirian daude, Guanajuato estatuan.
Printzipioz, 58 milioi. euro ordainduko ditu Cie Automotivek, baina baliteke azken unean aldaketa batzuk izatea prezioan. Mailegurik eskatu gabe ordainduko du Cie Automotivek, kutxan geratzen zaion diruarekin.
Agiri baten bidez, Jesus Maria Herrera kontseilari ordezkariak azaldu du erositako enpresak dagoeneko Mexikon taldeak dituenekin osatu egiten direla.
Ipar Amerikakoa oso merkatu garrantzitzua da Bizkaiko multinazionalarentzat —iaz, salmenten %25 egin zituen han—, baina taldea batez ere Indiara begira dagoela jakinarazi zuen maiatzaren amaieran Anton Pradera presidenteak, maiatzaren amaieran Bilbon emandako hitzaldian. Aurten, Aurangabad Electricals enpresa indiarra bere egin zuen.
70 erosketa, 1996tik
Cie Automotive 1996an sortu zen, INSSEC inbertsore taldea Egaña S.A. Zaldibarko enpresaren akziodun nagusia bilakatu zenean. Corporacion Industrial Egaña (CIE) bilakatutakoak handira jokatu zuen hasieratik, eta 1997an hasi zen enpresa berriak erosten (Inyectametal eta Udalbide). Bost urteren buruan jada 11 enpresak eta 2.000 langilek osatzen zuten taldea, eta beste urrats handi bat eman zuen 2002an, Aforasarekin bat egin zuenean. Azkoitiko eta Legazpiko altzairu fabrika historikoak eta beste batzuk biltzen zituen taldea zen Aforasa. Bat egitearen ondoren hartu zuen Cie Automotive izena, eta hazkuntza erritmoari eutsi zion: 23 urteko historian 70 enpresa erosi ditu, eta gaur egun 30.000 langiletik gorako konpainia bat da, eta Ozeania ez beste kontinenteetan ditu fabrikak.
Iaz, lehen aldiz, 3.000 milioi euroren fakturazioa gainditu zuen. Munduko autogile gehienentzat egiten ditu osagaiak, eta Renault (%7), Chrysler (%7) eta Ford (%6) ditu bezero nagusiak.
Dena, ordea, ez da urre Cie Automotiven. Taldeko enpresa bateko langileak, Alurecykoak, taldearen egoitza nagusiaren aurrean elkartu dira gaur eguerdian, Bilboko Mazarredo kalean. Lan karga txikia dutela eta lantegia abendurako itxi nahi dutela salatu dute. Enpresa txikia da Alurecy, eta Elgetan dago (Gipuzkoa).