Hezkuntza

Irakasle postuen afera konpondu ezean, Seaskak ez du ituna sinatuko Parisekin

Iparraldeko ikastolek uztailaren 2an dute ituna sinatu beharra Frantziako Gobernuarekin, baina postuak lortu ezean, ez dira joango.

Hilaren 7an protesta egin zuen Seaskak Miarritzen, irakasle postuen harira. GUIILAUME FAUVEAU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko ekainaren 24a
09:09
Entzun

Ikasturte hondarra afera betean da Ipar Euskal Herriko euskarazko irakaskuntzan. Sare publikoan protestan dira, Frantziako Gobernuak ez baitu baimenik eman euskarazko murgiltze sistemaren esperimentazioa beste hiru eskolatan jartzeko. Seaskako ikastolak ere kexu dira, irakasle postuak falta baitituzte: 30 gehiago behar dituzte, ikasle gehiago izango baitituzte datorren ikasturtean, eta hamazazpi postu Parisek pagatzea nahi dute. Hezkuntza Ministerioak hamar onartu ditu. Zazpi daude, beraz, argitzeko. Heldu den astean ituna sinatzekoa dute Seaskak eta Hezkuntza Ministerioak, baina, postuen afera argitu ezean, Seaskak ez du izenpetuko: berez, larunbateko batzar nagusian du ituna onartzekoa, baina gai zerrendatik kenduko du postuen gaian aldaketarik ez badago.

Aurtengo ikasturtean ere gisa bereko arazoak eduki ditu Seaskak Hezkuntza Ministerioarekin. Ikasleen kopurua etengabe ari da hazten ikastoletan —hamar urtean %60 igo da, eta 4.100 ikasle izango dira datorren ikasturtean—; igoera horri aurre egiteko, ezinbesteko dute irakasle gehiago izatea. Aurtengo ikasturtean 25 irakasle gehiago aritu dira, baina Parisek bost soilik onartu zituen; gainerakoak Seaskak berak ordaindu ditu —EEP Euskararen Erakunde Publikoak diru laguntza eman dio, lau postu eta erdiren gastua estaltzeko adinakoa—.

Ezegonkortasun arriskua
Datorren ikasturtean 30 irakasle postu gehiago behar ditu Seaskak, eta hamahiru bere gain hartuko ditu. Gainerakoak nola bideratu, Parisek bost postu pagatzea jarri zuen mahai gainean, falta diren hamazazpietatik herenak ere ez. Hamar eskaini ditu orain, baina zazpi falta dira oraindik. Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak nabarmendu du nahitaezkoa dela Parisek ordaintzea eskumena harena delako: "Gutienekoa da".

Aldaketarik ez badago, Seaskak ez du hitzarmena sinatuko Frantziarekin. Gaur zortzi dute eguna ezarria. Ez sinatzeak "ezegonkortasun egoera" ekarriko luke, Gorostiagak dioenez, eta irakasle postuen afera areagotzea. Egoera hori iritsiko balitz, protesta gehiago prestatuko lituzkete ikastolek.

Egunotan ere aterako dira kalera. Asteazkenean, Donapaleun (Nafarroa Beherea), elkarrekin egingo dute protesta ikastoletako eta sare publikoko ordezkariek, Akademiako arduradunek bilera dutela eta. Euskarazko irakaskuntzaren aldeko aldarriarekin bilduko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.