Mexiko

Tortura bideo batek zalantzak areagotu ditu 43 ikasleren desagertzeari buruzko bertsio ofizialaren inguruan

Bideoan ikusten denez, desagertzeekin lotuta atxilotu zuten gizon batek polizia talde bati leporatu zion hainbat ikasle berekin eramatea 2014ko irailaren 26an, ikasleak desagertu ziren gauean.

Ayotzinapako 43 ikasle desagertuen gurasoen elkarretaratze bat, joan den maiatzean, Mexiko Hirian. MARIO GUZMAN, EFE
2019ko ekainaren 25a
13:16
Entzun

Berriro ere zalantza ugari azaleratu dira Mexikon, Ayotzinapako 43 ikasleren desagertzeari buruzko bertsio ofizialaren inguruan. Bideo batek jarri du atakan bertsio horren sinesgarritasuna azken egunotan. Irudietan ikus daitekeenez, torturatua izaten ari den atxilotu batek polizia talde bati leporatzen dio hainbat gazte berekin eramatea 2014ko irailaren 26an, 43 ikasle mexikar desagerrarazi zituzten egunean. Mexikoko Gobernuak baieztatu du bideoa egiazkoa dela eta fiskaltza irudiak ikertzen ari dela.

Gertakariak izan ziren garaian Mexikoko presidente zen Enrique Peña Nietoren gobernuak narkotrfikatzaile talde bati leporatu zion desagertzea. Bertsio horren arabera, Guerreros Unidos narkotrafikatzaile bandak Cocula zabortegian erre zituen ikasleen gorpuak.

Gobernuak emandako azalpenak ez dira inoiz sinesgarriak izan, ordea, giza eskubideen aldeko hainbat elkarterentzat eta desagertutako ikasleen senideentzat. Horien iritziz, poliziek eta armadako soldaduek desagerrarazi zituzten ikasleak. Interneten zabaldu den bideoak uste horiek indartu ditu. Talde horiek adierazi dutenez, bideoak frogatzen du tortura bidez lortutako lekukotzekin osatu zela bertsio ofiziala.

NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Goi Mandatariak 2018an ohartarazi zuen Ayotzinapako ikasleen desagertzearekin lotuta egin ziren hainbat atxiloketa arbitrarioak izan zirela eta 35 atxilotu torturatu egin zituztela "informazioa edo aitortzak ateratzeko". Goi Mandatariaren bulegoak adierazi du egunotan zabaldu den bideoak "ustez Ayotzinapa auzian nahastutako baten kontrako tortura" frogatzen duela.

Bideoa hilaren 7an publikatu zuten, Youtube sare sozialean, baina joan den asteburuan zabaldu zen era masiboagoan, hedabideen bitartez. Irudietan, gizonezko bat ikusten da, eskuak lotuta eta begiak plastikozko zinta batekin estalita, hainbat gizonek egindako galdeketari erantzuten. Zenbait erakundek —NBE barne— adierazi dute galdeketa egiten ari direnak funtzionario publikoak direla. Galdeketa gidatzen duen gizona Carlos Gomez Arrieta da, 2014an Prokuradoratzaren Ministerio Poliziaren zuzendari zena. Joan den astera arte, Michoacango Segurtasun Publiko idazkariorde zen. Kargua utzi zuen bideoa zabaldu zenean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.