Katalunia eta Espainia

Espainiako Auzitegi Gorenak Luxenburgori galdetuko dio Junquerasen zigorgabetasunari buruz

Europako Batasuneko Juztizia Auzitegiari Junquerasen europarlamentari izaerari buruz eta zigorgabetasunari buruz galdetzeko tramiteak hasi ditu.

Oriol Junqueras, pantailan, Espainiako Auzitegi Goreneko epaiketa saio batean, eta auzipetutako buruzagi independentisten aldeko jarraitzaileak saioa ikusten. MARTA PEREZ, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko ekainaren 25a
15:28
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak bidea hasi du Luxenburgori Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetuaren zigorgabetasunaz galdetzeko. Junqueras eurodiputatu hautatu zuten joan den maiatzaren 26ko hauteskundeetan, baina ezin izan zuen parlamentari akta jaso, Auzitegi Gorenak ez ziolako baimenik eman espetxetik irten eta Espainiako Hauteskunde Batzordearen aurrean aurkezteko. Gorenak Europako Batasuneko Justizia Auzitegiari galdetuko dio Junquerasen egoerari buruz.

Galdea egin aurretik baina, auzitegiak derrigorrezkoa du aldeei beren iritzia eskatzea. Horixe egin du gaur. Hiru eguneko epea eman die beren jarrera eta argudioak azaldu ditzaten.

Junquerasen defentsak eskatu zion auzitegiari Luxenburgora jotzea, Junquerasen egoera argitze aldera. Fiskaltza, baina, kontra agertu da. Azaldu duenez, europarlamentariei dagozkien "pribilegioak eta zigorgabetasuna" karguaz jabetzen direnean sartzen dira indarrean —Europako Parlamentuak uztailaren 2an egingo duen osoko bilkuran hartuko duten europarlamentari kargua hautatuak izan direnek—. Beraz, Fiskaltzaren arabera, Junquerasi ez dagokio zigorgabetasun egoera, Europako diputatu aukeratua izan den arren. Kontrako iritzia du defentsak. Haren iritziz, diputatu hautatua izan den momentutik dagokio zigorgabetasuna Junquerasi.

Junquerasek erregu helegitea aurkeztu ondotik hartu du erabakia Gorenak. Politikari kataluniarraren defentsak helegitea aurkeztu zuen Hauteskunde Batzordaren aurrera joateko baimena ukatu izanaren kontra. Junquerasek auzitegiari eskatu dio behin-behinean indargabetzeko baimenaren debekua eta jo dezala Europako Batasunaren Justizia Auzitegira, har auzia argitu dezan.

Zapateroren deia

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohiak telefonoz hitz egin zuen Junquerasekin, Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako epaiketaren aurretik. Hala jakinarazi du Zapaterok berak, RAC1 irratian egin dioten elkarrizketan. Azaldu duenez, minutu bakarreko deia izan zen, eta Junquerasek elkarrizketaren aldeko jarrera berretsi zion.

Auzitegi Gorenak auzipetutako buruzagi independentistak zigortuko balitu, Espainiako Gobernuak indultuak ematearen aldeko ote den galdetuta, Zapaterok erantzun du indultuak aztertzearen aldekoa dela, buruzagi independentistek eskatzen badituzte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.