Literatura

Pertsonaiatik pertsonara

'Altzoko Handia. Euskaldun mitiko bat (nahiz guztiz erreala) XIX. mendeko Europan' liburua idatzi du Luis Angel Sanchezek.

Luis Angel Sanchez Gomez egilea. MAIALEN ANDRES/FOKU
Miren Garate.
2019ko ekainaren 25a
14:00
Entzun

Aurrez hari buruz gutxi idatzi izan bazen ere, Handia filmari esker, han eta hemen egin da ezagun Migel Joakin Elizegi Altzoko Handia-ren  istorioa. Haatik, ez zela pelikulan erakusten den bezain pertsona triste eta manipulagarria izan azaldu du Luis Angel Sanchez Gomez (Madril, 1962) Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko irakasle eta historian doktoreak. Ez zela Ipintza baserrira itzultzeko irrikaz bizi zen pertsona bat, edo beste era batera esanda, han irudikatzen den baino askoz pertsona "ausartagoa eta interesgarriagoa" izan zela. Pertsonaia, asmakeriak eta kondairazko datuak alboratuta,  haren bizitza sakon aztertzeko asmoz idatzi du Altzoko Handia. Euskaldun mitiko bat (nahiz guztiz erreala) XIX. mendeko Europan liburua. Jaso duen informazioaren zati bat argitaratu gabe zegoen orain arte.

Sanchezen esanetan, XIX. mendean interes handia zegoen akromegalia gaitza zutenen inguruan, batik bat anatomista antropologoen artean, uste zutelako gizakiaren jatorriari edo nondik norakoei buruzko informazioa eman zezaketela. XIX. mende hasieran artean ez zen ezagutzen gaitza.  Azaldu du Eleizegik garai hartako beste gaixoek egiten zutena egin zuela: errentagarritasuna atera zorigaitzari, sarrera baten truke, bere burua ikusteko aukera ematen baitzion publikoari, Europako beste gaixo batzuek egiten zuten bezala. «Hasieran hiru pertsonako elkarte bat egon zen, baina elkarte hori segituan desagertu zen, seguru asko aitak pentsatu zuelako oso erraza zela semea erakustea, eta ez zegoela bitartekarien beharrik».

Ipintza Zar baserrian jaio zen Altzoko Handia, eta Sanchezek nabarmendu du eleizagitarrak ez zirela diru premia handiko familia bat . "Migel Joakinek aitak bi baserri jaso zituen oinordetzan, eta, beraz, egoera ekonomiko nahiko erosoa zuten". Ez zen bat bat-batean handitu. "Hipofisian tumor bat zuen, tumor onbera bat. Tumor horrek zapaldu egiten zion hipofisia, eta hazkunde hormona asko sorrarazten zizkion horrek". Urte batzuetan, nahiko modu proportzionalean hazi zela kontatu du, baina 18-20 urtetik aurrera, aurrez gigantismoa zena, akromegalia bihurtu zitzaiola; hau da, hezur batzuek hazteari utzi arren, haren organismoak hazten jarraitu zuela, hala nola eskuetako eta hanketako hezurrek, masailezurrak eta burezurrak.

Ez dago argi zenbat neurtzera iritsi zen. 2,42 metro da aipatzen den kopuruetako bat, eta Sanchezen esanetan, oso litekeena da garaiera horretara iritsi izana. Euskal Herrian orain artean izandako pertsonarik altuena da, nahiz eta nazioartean izan diren handiagoak ere.

Eraginik ez adimenean
Buruko mina, ikusmen arazoak, lotarako zailtasunak eta abar ziren akromegaliaren beste ondorioetako batzuk. "Horregatik mugitzen ziren geldo, eta ia beti makilarekin". Gaitzak, ordea, adimenean ez zuela inolako eraginik adierazi du. "Handia asko gustatu zitzaidan, baina tematu dira batzuetan haurren jokabideak dituen pertsona baten gisa erakusten.  Pertsona ez oso argiaren irudia ere ematen du, eta badago akromegalia duten pertsonekiko topiko hori,  ez direla oso argiak esaten da, baina batak eta besteak ez dute zerikusirik".

Eleizegiren bizitzan, bidaiak eta erakustaldiak izan ziren nagusi, baina Sanchezen ustez, "nahiko modu duinean" erakusten zuten. "Ez zen pelikulan ikusten den bezala kristal baten atzean erakusten, baizik eta gehienbat logeletan. Aulkitik altxatzen zen, pauso batzuk ematen zituen aurrera, beste batzuk atzera, eta besoak mugitzen zituen". Etxe partikularretan, kafetegietan eta hoteletan izaten ziren saio horietako gehienak, eta besteak beste, Londresen, Parisen eta Portugalen izan zen.  

Erakustaldi horien berri emateko egunkarietan argitaratu ziren iragarkietako batzuk bildu ditu liburuan. Pertsona batzuk jaten ageri da horietako batean; beste batean, berriz, pertsona batzuk beso gainean eramaten, lurra bustita zegoenez ez erortzeko; Punch izeneko Erresuma Batuko agerkarian bi egun ezberdinetan argitaratu zuten bineta bat, egun bakar batekoan ez zela sartzen esanez. Iragarki horiek egundoko oihartzuna eman zioten. «Ondo atera zioten errentagarritasuna, eta seguru asko aitak edo anaiak konbentzituko zuten,  baina ez dut uste esplotatutako pertsona bat izan zenik».

Besteak beste, testamentuaren adibidea aipatu du. "Aldatu egin zuen. Aurrenekoan, anaiari eta ilobetako bati uzten zien herentzia handia; hil baino bi aste lehenago idatzitakoan, berriz, ez dakigu zergatik, aitarentzat zen zatirik handiena". Egilearen ustez, horrek erakusten du Altzoko Handiak bazuela erabakitzeko gaitasuna, eta ez zela familiak edo enpresaren batek nahi bezala erabiltzen zuten txotxongilo bat. Hil osten gorpua lapurtu egin zuten hipotesiarekin ere ez du bat egiten Sanchezek.

Gipuzkoako Foru Aldundiren Kultura Departamentuak argitaratu du liburua, eta mila ale atera dituzte, erdiak euskaraz eta beste erdiak gaztelanian. Donostiako liburu azokan jarriko dute salgai ostiralean, bai eta liburu dendetan eta Altzoko informazio puntuan ere, 15 euroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.