Sanferminak

Hauteskundeak, Osasuna eta Pamplonesa Iruñeko peñen oihaletan

Larunbat eguerdian aurkeztuko dituzte aurtengo sanferminetako pankartak jendaurrean.

Iker Tubia.
2019ko ekainaren 26a
08:31
Entzun

Gaur goizean jakinarazi dute Iruñeko peñek zein izanen diren sanferminetan kaleetan dantzatuko dituzten pankarten irudiak. Umorearen eta satiraren bidez, Iruñeko eguneroko gaiak jorratu dituzte haien oihaletan. Hauteskundeek erabat eragin dute marrazkietan, eta Joseba Asiron alkate ohia eta Enrique Maia Iruñeko alkatea ageri dira han eta hemen. Game of Thrones telesailaren bidez irudikatu dute hauteskunde ondoko botere borroka.

Maravillas gaztetxea eta Altsasuko gazteak gogoan izan dituzte pankarta askotan, baita Labriteko pasarela ere. Azkenengo hori desmuntatzen hasi zen aurreko udal gobernua, arriskutsua zelakoan. Katalina Foixkoa ere ikusi liteke, Armadaren Etorbideari bere izena jarri baitzion Asironek. Berehala Armadaren Etorbidea izanen da berriz, Maiaren lehenbiziko neurria izen hori aldatzeko bideari ekitea izan baita.

Nafarroatik kanpoko kontuak ere landu dituzte pankartetan: Espainian ultraeskuinak izan duen gorakadaz mintzo dira oihaletako asko. Gai hori dela eta, Nafarroatik kanpoko euskal herritar baten irudia nagusitu da: Santiago Abascal VOXeko presidentearena. Bestalde, eraso sexisten kontrako mezuak irakurri daitezke irudi gehienetan.

Imanol Azkona Iruñeko Peñen Federazioko lehendakaria kontent agertu da aurtengo pankartekin, baita egileekin ere: "Aspaldiko egileekin batera gazte asko animatu dira marrazkiak egitera. Emakumeak ere badaude; ez da lehenbiziko aldia, baina joera hori positiboa da, mundu honetan sartzen ari direlako".

Aurtengo marrazkietan oreka dago euskararen eta gazteleraren artean, nahiz eta balantzak erdararen aldera egiten duen pixka bat –testuen %52 dira gazteleraz–. Aldapa peñaren oihala izanen da euskaldunena: solasak euskaraz dira, eta soilik lelo bat du gazteleraz. Generoari erreparatuz gero, ez dago batere orekarik: marrazkietan ageri diren pertsonaien laurden bat baizik ez dira emakumeak. Gizonak dira lautik hiru.

Peñen eguna

Marrazkiez gainera, larunbatean eginen dituzten jarduerak aurkeztu dituzte. Izan ere, Peñen Eguna ospatuko dute. Eguneko ekitaldi nagusia zezen plazan eginen dute: peña kideak buruz buru ariko diren Grand Prix jokoa. Ikustera joaten direnek ez dute dirurik ordaindu beharko, baina kilo bat janari idor eraman beharko dute –arroza, txitxirioak...–, Zaporeak elkartekoentzat.

Horretaz gainera, Txupin Etxepare saria emanen diote Fermin Valencia abeslariari. Pankartak jendaurrean aurkezteko eguna ere izanen da: 11:00etan kalejiran abiatuko dira peñak Santa Ana plazatik eta Carmen karrikatik, eta 12:30ean Orreaga etorbidean eginen dute aurkezpena denek elkarrekin.

Sanferminetako jarduerak

Sanferminetako egitarauari dagokionez, iazkoaren antzekoa izanen dela aurreratu dute, baina bada berritasunik: pilota txapelketa. Uztailaren 10ean eta 11n jokatuko da, Labrit pilotalekuan. Eskuz binaka eta palan ariko dira, eta emakumeek eta gizonek parte hartuko dute. Biltzen duten dirua Hiru Hamabi elkartearentzat izanen da. Horretaz gainera, erremonte txapelketa antolatzen jarraituko dute: uztailaren 8, 9 eta 11n izanen dira partidak.

Txikien eguna uztailaren 11 izanen da, eta entzierro txikiak uztailaren 10ean eta 12an. "Ezin ditugu txikiak ahaztu, gure etorkizuna baitira", zehaztu du Azkonak. Sanferminetan ez dutela eraso sexista edo sexualik onartuko ere esan dute, eta urte hauetan herri eragileek eta udalak egindako lana aitortu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.