EUSKARA

Hizkuntza eskubideen urraketak "esparru eta maila guztietan" gertatzen direla salatu du Behatokiak

Herritarren kexak jaso ditu erakundeak 2018ko Hizkuntza Eskubideen egoera izeneko txostenean.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao eta Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriati, gaur, txostenaren aurkezpenean. BEHATOKIA
Ion Orzaiz.
2019ko ekainaren 26a
07:21
Entzun

Osasun etxean, NAN txartela berritzeko bulegoan, udaletxeko harreran, kirol eta aisialdi guneetan, saltokietan... Nonahi eta noiznahi gertatzen dira hizkuntza eskubideen urratzeak, eta gisa horretako ehunka kasu bildu ditu Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, 2018ko txostenean.

"Euskararen lurralde osoko euskal hiztunek administrazio publikoaren eremu eta maila guztietan ikusi dute galarazita euskara askatasunean erabiltzea", esan du Garbiñe Petriatik, Behatokiko zuzendariak gaur goizean, 2018ko txostenaren aurkezpenean.

Euskararen Telefonoa zerbitzuaren eta Akuilari sakelako aplikazioaren bitartez iaz jasotako bizipenekin osatu dute bilduma, eta eskubide urratzeek administrazioaren esparru guztiak blaitzen dituztela ondorioztatu dute: "Diskriminazio kasuak jaso ditugu osasun zerbitzuetan, segurtasun arloan, justiziaren eremuan, administrazio jarduera orokorretan, hezkuntzan, aisialdian, hedabideetan eta baita kontsumo harremanetan ere".

Txostena taxutzeko garaian, bestalde, lau administrazio hartu dituzte ardatz gisa: Frantziako eta Espainiako gobernuak, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua. Frantziari dagokionez, "hezkuntza sistemari jarritako trabak" nabarmendu ditu Behatokiko zuzendariak: "Brebeta eta baxoa euskaraz egiteko oztopoak, ikastoletan lanpostuen murrizketak... Adibide ugari ditugu". Espainiaren kasuan, berriz, "gaztelania ezagutzeko derrigortasuna, konstituzioan ezarria, herritarren eskubideen gainetik" segitzen duela adierazi du.

Nafarroari dagokionez, berriz, Behatokiko arduradunek salatu dute lauko gobernuak ez duela "aurrerapauso nabarmenik" eman lan deialdi publikoen auzian: "Are okerrago, sistematikoki ez da puntuatu euskara eremu ez euskalduna deiturikoan: alemana, frantsesa en ingelesa balioetsi dituzte, baina euskara ez".

Petriatiren esanetan, Eusko Jaurlaritzak eta haren mende dauden erakundeek ere ez dute herritar guztien "aukera berdintasuna" bermatu: "Osasun arretan, Ertzaintzarekiko tratuan eta enplegu zerbitzuetan antzeman ditu hutsuneak herritarrak".

Administrazio zerbitzuetatik kanpo, bestalde, kezka azaldu du Behatokiko arduradunak, ingelesak eta atzerriko beste hizkuntzek "gero eta presentzia handiagoa dutelako" merkataritzan, ostalaritzan nahiz aisialdirako eskaintzetan eta, horren ondorioz, euskara "ikusezin" bihurtzen ari delako: "Ingelesa erabiltzeko ohitura hedatzen ari da, bai proiektu edo egitasmoei izena jartzeko orduan, bai eta turismoa erakartzeko unean ere".

Protokoloa, udaletara

Egoera onbideratze aldera, administrazio guztien inplikazioa galdegin du Petriatik, baina hizkuntza eskubideen esparruan udalek eta herriko etxeek duten garrantzia nabarmenduta. "Hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko, administrazio guzti-guztiek hartu beharko dituzte neurriak, baina auziak dimentsio garrantzitsua hartzen du udal eta herriko etxeen eremuan: udalak dira herritarrek jotzen duten lehenengo atea, eta hurbilen duten erakundea", azpimarratu du.  

Hain zuzen, tokiko administrazioetan antzemandako bazterketa kasuak konpontzeko xedez, Kontseiluak  neurri sorta aurkeztuko du Euskal Herriko udaletan udazkenean, hizkuntza eskubideen protokoloa ardatz hartuta.

Jasotako kexa batzuk

Hona hemen Hizkuntz Eskubideen Behatokiak iazko txostenean jasotako kezken eta bizipenen lagin bat:

«Gure jaioberriari ebakuntza bat egin behar izan diote eta prozesu osoan ez dugu euskaraz dakien inor ere ezagutu: ez erizainik, ez medikurik, ez zirujaurik. Gure bizitzako momenturik garrantzitsuenean inor ere ez zaigu zuzendu gure hizkuntzan»

«Iruñeko San Martin osasun etxera joan nintzen alabarekin pediatriako larrialdi zerbitzura. Pediatra alabari erdaraz hitz egiten hasi zen eta nik ‘Ez dizu ulertuko. Euskaraz ez dakizu?’, galdetu nion. Zakar erantzun zidan: ‘Si quieres puedo hablar en francés, en inglés o en italiano, pero en euskara no’ (nahi baduzu, frantsesez, ingelesez eta italieraz hitz egin dezaket, euskaraz ez)»

«Kontrola jarri du Guardia Zibilak. Gelditu egin gaituzte eta autoan gindoazen bost lagunon paperak gainbegiratzen ari zirelarik, lagun horietako batekin euskaraz hitz egiten hasi naiz. Metralleta eskuan zuen guardia zibil bat segituan zuzendu zait: ‘¿Qué lengua estás hablando? No te entiendo’ (ze hizkuntzatan ari zara? Ez dizut ulertzen). Esan dit errespetu falta bat zela. Nik galdetu diot atzerritarren bat geldituz gero ea jarrera bera ote duten, eta berak mehatxu egin dit: ‘Como sigas así, a lo mejor vuelves a casa con 700 euros menos en el bolsillo’ (horrela segituz gero, agian etxera itzuliko zara 700 euro gutxiago dituzula)»

«NANa tramitatzeko bulegoan ez didate euskara hutsean idatzitako jaiotza-agiria onartu. Esan didate, elebiko agiria aurkeztu ezean, ezin izango diodala alabari pasaportea egin»

«Gure alaba apuntatu dugu Donostia Kirolak antolatutako ekintzetako batera: Kirol-aniztasuna hondartzan. Matrikula egitean, euskara aukeratu genuen, baina taldeak bateratu dituzte eta ez dago soilik euskaraz. Orokorrean gaztelaniaz hitz egiten diete haurrei»

«Osakidetzako langileok erabiltzen dugun E-Osabide aplikazio informatikoan, erabilera hizkuntza gisa euskara hautatuz gero, aplikazioa ez dabil. Gaztelania hautatu behar da nahitaez programa erabili ahal izateko. Langileon eskubideak urratzen ari zaizkigu, euskaraz egitea eragotzita»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.