Sargoria gaur ere: 40 gradu inguruko tenperaturak iragarri dituzte

Tenperatura 42 gradura irits daiteke Erriberan. Hain zuzen, beroarengatik, alerta gorria ezarri du Nafarroako Gobernuak Erribera inguruan. Alerta laranja izango da Nafarroaren gainontzeko lurraldean. Araban eta Bizkai eta Gipuzkoa barnealdean ere alerta laranja izango da. Kostaldean, berriz, abisu horia.

2019ko ekainaren 27a
13:36
Entzun

Tenperatura altuak neurtu zituzten atzo termometroek, eta hala egin dute bart gauean ere. Ez du askorik freskatu. Horren adierazgarri, erregistratu diren gutxieneko tenperaturak. Toki askotan 20 gradutik gorakoak izan dira. Gipuzkoako eta Arabako barnealdean, Nafarroako Pirinioetan, eta Erriberan izan dira beroenak. Denetan altuena Nabaskozen (Nafarroa) izan da: 26,2 gradu. Zegaman (Gipuzkoa), 26 gradukoa izan da tenperaturarik baxuena, eta 23,5 gradukoa Gasteizen.

Gau beroaren ondotik, atzoko sargoriari gaurkoa gehituko zaio. Barnealdean tenperatura 38-42 gradura  iristea espero da. Aldiz, leunagoa izango da kostaldean, atzo baino bero handiagoa izango den arren. Hego haize zakarra espero da, bestalde; bereziki, barnealdean. Arratsaldean, ekaitzak jo dezake kostaldean, eta litekeena da tenperaturak kolpetik zortzi edo hamar gradu behera egitea.

Nafarroako Osasun Departamentuak ohartarazi du tenperatura altuak bereziki arriskutsuak izan daitezkeela adingabe, adineko eta haurdunen kasuan, eta arreta bereziz jokatzeko eskatu du. Aholkatu dute ur asko edateko eta eguzkitan ez egoteko bero gehien egiten duen orduetan.

Biharko, nabarmen murriztuko da beroa kostaldean, baina ez hala barnealdean. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.