ETB

ETB1ek 'Karabana' saioa estreinatuko du astelehenean

Udako programazioa aurkeztu du Euskal Telebistak. Euskalonski asteartean itzuliko da; Chiloé, lasterka munduan, uztailaren 4an; eta Bostekoa, uztailaren 7an. Frantziako Tourreko etapen ostean, On Tour solasaldi saioa egingo dute.

Zigor Iturrietak bi sao aurkeztuko ditu udan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
urtzi urkizu
2019ko ekainaren 27a
14:17
Entzun

Udako hainbat berrikuntza aurkeztu ditu gaur ETBk, Donostian. Aurreneko berrikuntza datorren astelehenean ikusi ahalko da: Karabana. Zigor Iturrietak Itsaso Gonzalez sukaldariek aurkeztuko dute, astelehenetik ostegunera (21:15). Herriz herri ibiliko dira, sukalde ibiltari batekin. Iturrietak iragarri du herrietako jaietako giroa ere jasoko dutela.

Euskalonski programaren atal berriak, bestalde, datorren asteartetik aurrera ikusi ahalko dira. Pello Reparaz aurkezlea honako hirietan ibiliko da: Sidney (Australia), Santiago (Txile), Mexiko Hiria, Bartzelona, Valparaiso  (Txile), Dublin, Erroma, Praga, Helsinki eta Tokio.

Uztailaren 4ean, bestalde, Chiloé, lasterka munduan programaren hirugarren denboraldia hasiko da ETB1en. Iturrieta lehen atalean Japoniako Ninja trail mendi lasterketan ibiliko da. Gero, Montpellierko maratoira joango da, eta Eslovenian, Austrian eta Flandrian ere ibiliko da.

Bostekoa saioa, berriz, uztailaren 7an hasiko dira ematen (otsailean atal bakar bat eman zuten, eta zuzendaritzak programaren emisioa udarako gordetzea erabaki zuen. Herri kirolen mundua barnetik ezagutzeko aukera emango dute, Aitor Zubieta gidari dela.

ETB2 katean A bocados de verano saioa emango dute uztailaren 8tik aurrera. La Sala izeneko telesaila ere estreinatuko dute (FORTAko kate autonomikoen artean ekoitzi dute). Eta, laster, El sabor del crimen saio berria iritsiko da: zinemaren eta literaturaren bidez, ezagun egin diren fikziozko krimenen ibilbideak jarraituko dituzte. Xabier Gutierrez sukaldari eta idazlea izango da gidaria (lehen bi ataletan Dani Alvarezekin batera arituko da, eta hirugarrenetik aurrera Andrea Roperorekin).

ETB3 katean, Balloon, Spirit zaldi askea eta Pingu hirian marrazki bizidunen atal berriak emango dituzte.

Kirolei dagokionez, uztailaren 7ko sanferminetako pilota jaialdia ETB2k emango du, euskaraz —ordu berean ETB1en estropadak izango baitira—. Euskarazko katean, bestalde, Frantziako Tourreko etapen ostean, On Tour programa emango dute arratsaldero.

Jaiei dagokienez, Gasteizko, Donostiako eta Bilboko aste nagusien hasiera ekitaldiak gaztelaniaz emango dituzte, ETB2n. Hala egin dute aurreko urteetan ere. Iruñeko sanferminetako eta Baionako bestetako hasiera ekitaldiak, aldiz, euskaraz izango dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.