Merkataritza

Hiri eta herrien kanpoaldean merkataritza gune gehiago egitea debekatu du Eusko Legebiltzarrak

EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk aurkeztu zuten lege proposamena, eta, aldaketa batzuen ondoren, bat egin dute EAJk eta PSE-EEk.

Barakaldoko Megapark, Euskal Herriko merkataritza gune handiena. JON HERNAEZ / FOKU
Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 27a
06:18
Entzun

Uztailean indarrean jarriko den legearen arabera, gehienez 2.500 metro koadro dituzten saltokiak eraiki ahal izango dituzte hirietako periferian, eta txikiagoak herri txikiagoetan. Praktikoki ulertzeko: Barakaldoko Megaparkek 128.000 metro koadroko azalera betetzen du, 120.000 metro Gasteizko Boulevardek, eta 51.000 metrora iritsiko da Donostiako Garbera. Legeak ez du eraginik orain irekita dauden zentroetan edo handitzen ari direnetan —Garbera bera—, baina geraraz ditzake proiektua besterik ez duten batzuk, hala nola Belartzakoa (Donostia).

EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk egin zuten lege proposamena, baina, azkenean, aho batez onartu dute. EAJ eta PSE-EE aurka zeuden hasieran, baina tramitazioan jarrera aldatu dute, uste baitute legeak baduela segurtasun juridikoa.

Izan ere, 2015ean Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen merkataritza gune handiei trabak jartzeko Eusko Jaurlaritzak landutako Lurralde Plan Sektoriala, Europako arauen aurkakoa zela ebatzi baitzuen. Gorenaren irizpideak kontuan hartzen zituen lege proiektua lantzen ari zen Jaurlaritza, baina oposizioak aurrea hartu zion.

Europako araudia bete ahal izateko, legeak dio «interes orokorra babestea» dela merkataritza jarduerari mugak jartzeko arrazoia. Legeak dio oraingo honetan hirietako aldiriak, ingurumena, kontsumitzaileak eta ondare historiko artistikoa direla babestu beharrekoak.  

Hiriguneetan traba gutxi

Uztailean jarriko da indarrean, eta haren ondoren muga zorrotzagoak izango dituzte merkataritza guneek. 30.000 biztanletik gorako hirietako periferian, gehienez 2.500 metro koadroko saltoki berriak eraiki ahal izango dituzte —supermerkatu arrun baten neurria—. Gehienez 1.800 metro koadrokoak izango dira 10.000 eta 30.000 biztanle arteko herrien aldirietan, eta 700 metrokoak herri txikietan.

Hiriguneetan edo herriguneetan, berriz, legeak ez du jartzen gune handiak egiteko traba handirik, eta, mugak izatekotan, espazio falta izango da.
Legeak modu bakar batean eragingo die orain irekita dauden merkataritza guneetan: gehienez %10 handitu ahal izango dute azalera. Legeak ez du atzerako eraginik eta, hortaz, ez ditu geratuko orain obretan dauden handitzeak eta erreformak.

Alderdien iritziak

Bozketa aurreko eztabaidan, Unai Grajales EAJko legebiltzarkideak ziurtatu du legea «aurrerako urratsa» dela, baina hankamotz geratu dela, «ez duelako definitzen» zer egin daitekeen merkatari txikiei laguntzeko. «Lagunduko du espazio gehiago ez okupatzen, baina beldur naiz ez duela lagunduko berreskuratu beharra duten espazioak berreskuratzen». Gainera, Grajalesek adierazi du legeak ez dituela  «saltzeko eta erosteko modu berriak» aldatuko. Internet bidezko erosketak egiten dira gero eta gehiago.

Iker Casanova EH Bilduko ordezkariak, legearen bultzatzaileetako bat izanik, legea onartu izana txalotu zuen. Edonola ere, onartu du«espektatibak apaldu» behar izan dituztela. Esaterako, hiriguneetako merkataritza guneak murrizterik ez dute izan, Europako arauek ez dietelako horretarako aukerarik ematen.

Elkarrekin Podemosen izenean, Edurne Garciak ziurtatu du "ahal zen legerik onena» egin dutela, eta merkataritza txikia babestuko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.