Hezkuntza

Eusko Jaurlaritzaren ikasle laguntza sistemaren hainbat atal baliogabetu ditu Gorenak

Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi du Batxilergoko eta Lanbide Heziketako diru-laguntza sistema ez dela Eusko Jaurlaritzaren eskumena. Beste irizpide bat baliatzeak ikasleen “aukera berdintasuna” urratzen duela gaineratu du.

Hainbat ikasle eskolako autobusera igotzen. BOB EDME / IPARLA
Jon Rejado.
2019ko ekainaren 28a
09:33
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak baliorik gabe utzi ditu ikasle laguntzak zehazteko Hezkuntza sailburuaren aginduaren hainbat atal. Unibertsitatez kanpoko ikasketetarako diru laguntzak arautzen dira agindu horretan: zenbateko aurrekontua erabiliko den, zer alor lagunduko diren diruz, zer baldintza bete behar diren horiek jasotzeko... Eusko Jaurlaritza ebazpena aztertzen ari da, eta datorren astean emango ditu argibideak.

Gorenak ebatzi du ikasle laguntzak arautzeko Hezkuntza sailburuaren agindua ez datorrela bat Espainiako Gobernuak 2013an ezarritako irizpideekin. Espainiako irizpideak LOMCE Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Espainiako Lege Organikoa onartzeko prozesuan ezarri zituzten, eta Batxilergoari eta Lanbide Heziketari dagozkien laguntzak xehatu zituzten; Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBHrako laguntzak ez zituzten jaso araudi horretan.

Gorenaren ustez, Espainiak alor horretan onartutako araudia “oinarrizkoa” da, eta, beraz, Eusko Jaurlaritza horretara mugatu beharko da. Eusko Jaurlaritzaren eskumenetatik kanpo geratzen da ikasle laguntzak banatzeko araudia onartzea, Auzitegi Gorenaren ebazpenaren arabera. “Jaurlaritzak laguntzak bere baliabideekin ordaintzeak ez du esan nahi eskumenen esparruaren aurkakoa denik”. Gorenaren ustez,ikasleei diru laguntzak emateko irizpide bateratuak “aukera berdintasuna” bermatzea du helburu. Beraz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan beste irizpide bat ezartzeak “aukera berdintasuna” urratzen du, eta, ondorioz, ez da onargarria.

Espainiako araudiak laguntza finko bat ezarri zuen; datorren ikasturtean 1.600 eurokoa izango da. Horrez gain, laguntza handitu daiteke aldagai batzuen arabera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beste modu batean egituratu dituzte laguntzak: ikasketa maila, 0-1 urteko ikasleen kuotak, garraioa, egoitza, eskola materiala eta jantokia. Atal horien arabera, kasuan kasuko irizpideetan oinarrituta jasotzen dute ikasleek dagokien diru laguntza.

Horrez gain, Espainiako Gobernuren zein Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak errentarekin lotuta daude, hein batean. Bada, batak zein besteak finkatutako errenta atalaseak ezberdinak dira: alegia, zenbait laguntza jasotzeko ezarritako gehienezko diru sarrerak ez datoz bat. Eusko Jaurlaritzakoak finkatutakoak altuagoak dira. Horrek herritar gehiagori emango lieke aukera ikasle laguntzak jasotzeko, baina aintzat hartu behar da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batez besteko errenta Espainiakoa baino handiagoa dela.

Jatorrizko araudia aintzat hartuta Espainiako Hezkuntza Ministroak jarritako atalase baxuena 7.278 eurorena da bi kide dituzten familientzat, edota 13.909 euro lau kidekoentzat. Jaurlaritzak 13.350 euroan jarri zuen atalasea bi kideko familientzat, eta 20.201 euro lau kidekoentzat.

2014tik gaur arteko auzibidea

Espainiako Gobernuak Hezkuntza sailburuaren aginduaren aurka egin zuen 2014an, aurkeztu eta gutxira. 2015ean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion Espainiako Gobernuari, eta ikasle laguntzen hainbat puntu baliogabetu behar zirela ebatzi zuen. Eusko Jaurlaritzak helegitea jarri zion, eta Espainiako Auzitegi Gorenak berriki ezagutarazi du epaia.

Aipatzekoa da epaia sinatu duten zazpi epaileetatik bik boto partikularra eman dutela. Jose Manuel Bandres eta Angel Arozamena epaileek jakinarazi dute ez datozela bat epaiarekin. Araudia oinarrizkoa dela aitortu arren, gaineratu dute EAEko Ogasun Nagusiaren ekarpenen bidez finantzatzen direla. Are, nabarmendu dute Eusko Jaurlaritzak hezkuntza alorreko eskumena duela Espainiako oinarrizko araudia garatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.