Literatura

Miren Gorrotxategik irabazi du 2019ko (H)ilbeltza beka 'Vianako bihotza' egitasmoarekin

Lagin irabazleari 3.000 euro emango zaizkio orain eta beste 3.000 lana bukatzean.

Miren Gorrotxategi, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Berria
2019ko ekainaren 28a
14:23
Entzun

Miren Gorrotxategi Azkunek (Azpeitia, Gipuzkoa, 1981) irabazi du 2019ko (H)Ilbeltza beka Vianako bihotza liburu egitasmoarekin. Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak antolatzen dute beka, eta aurten hamar proiektu aurkeztu dira. Joseba Otondo Baztango alkateak, Castillo Suarez (H)ilbeltza elkarteko ordezkariak eta Garazi Arrula Txalaparta argitaletxeko ordezkariak osatutako epaimahaiak azpimarratu du Gorrotxategiren proiektuak "literatura beltza izanagatik ere", ohiko polizia eta detektibe istorioetatik ihes egiten duela: "Tramak Donejakue bidea eta upategien negozioa uztartzen ditu, eta horrek ezohiko agertoki batera garamatza. Epaimahaikideoi egitasmo arriskatua eta egingarria iruditu zaigu aldi berean, eta horixe saritu nahi izan dugu, betiere deialdi honen beka izaerak liburua idazteko ez ezik lantzeko ere aukera ematen duela aintzat harturik".

2020ko abenduan argitaratuko du lana Txalaparta argitaletxeak.

Miren Gorrotxategi Azkune Itzulpengintzan lizentziatua eta Turismoan diplomatua da. Hotel zuzendaritzako master bat eta Bigarren Hezkuntzako irakasle masterra ditu. Atzerriko zenbait unibertsitatetan ere egon da, ikasle zein irakasle modura. Itzultzaile eta idazkari lanetan ibilia, azken urteotan euskara irakaslea da Bigarren Hezkuntzan. 2016an lehen liburua argitaratu zuen, 33 ezkil(Elkar), Augustin Zubikarai sariari esker. 2017az geroztik kolaboratzailea da Urola Kostako Hitza-n. Martxan den Korosagasti filmaren gidoigileetako bat izan da.

(H)ilbeltza bekaren xedea euskarazko nobela beltza sustatzea da, eta, horretarako, txandaka sormen eta itzulpen lanak saritzen dira. Aurten sormen lana egiteko beka egokitu da.

Lehenbiziko edizioa sormen beka izan zen, Miel Angel Elustondok irabazi zuen eta Kezko bola batekitoak birikak eleberria argitaratu zuen urte hasieran. Iazko deialdia itzulpenari egokitu zitzaion, eta Patricia Highsmith estatubatuarraren The Blunderer nobela euskaratzen ari da Josu Barambones. Urte akaberan kaleratuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.