Parte hartzea jarriko dute Kilometroak jaiaren erdigunean

Festa eredu berria aurkeztu dute Gipuzkoako ikastoletako ordezkariek. Urriko jaialdia mantenduko dute, baina txikituta, eta ikasturte osoan zehar jarduera gehiago antolatuko dituzte lurralde osoko eskolek.

Kilometroen jai eredu berriaren aurkezpen ekitaldia. BERRIA
Maite Asensio Lozano.
2019ko ekainaren 29a
08:21
Entzun

Lau urteko gogoeta prozesuaren ondoren, Kilometroak jaialdia antolatzeko eredu berri bat marraztu dute Gipuzkoako ikastolek. 2020ko festan jarriko dute martxan, Villabonako Zubimusu ikastolak antolatuko dituen Kilometroetan, eta hain justu, hor eman dute gaur goizean hartutako erabakien berri. Azaldu dutenez, festak ez du izaera ludikoa galduko, baina "jai txikiagoa eta parte hartzaileagoa" egin asmo dute.

"Kilometroak ez da amaituko, indarberrituko baizik", adierazi du Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak. Urriko lehen igandean egin ohi duten jaialdia mantendu egingo dute, baina aldaketekin: "dimentsio txikiagoa" izango du. Kontzertuen eskaintza, adibidez, mugatu egingo dute: "Goizetik gauera gazteentzako halako ekitaldirik ez da egongo". Espazio fisikoa ere moldatuko dute: "Egun zirkuitua egiteak ez du zentzu handirik; azken urteetan, jendea interesatzen zaizkion jardueretara joan da, ibilbide osoa egin gabe". Horren ordez, gune tematikoetan antolatuko dute festa.

Gainera, urrikoa ez da jarduera bakarra izango: "Jaialdi txiki batzuk izango dira ikasturtean zehar, ikastola guztiek antolatuta, beste eragileekin batera. Horien helburua izango da ikastolak diren harrobi kulturala kalera ateratzea". Artolak nabarmendu du jaialdi horiek parte hartzaileak izan behar dutela, eta adin guztietara bideratuta: "Ikastolen komunitatea sendotzeko". Formatu berriaren bidez, era berean, ikastola guztien inplikazioa sustatu nahi dute, "Ez daitezen indar guztiak jarri jai egun batean, hori antolatzeak dakarren lan zamarekin".

Parte hartzeari garrantzi handia emango diote, beraz; izan ere, gogoetan zehar ondorioztatu dute "jai kontsumitzailea" egiten ari zirela: "Arazoa zegoen alkoholaren kontsumoarekin, baina ez hori bakarrik; hondakin pila bat sortzen ziren, eta kontsumoa alde bakarrekoa zen: kontzertu bat ikusi, zerbait erosi... Ez zegoen parte hartzerik".

Funtsean, festaren misioaz hausnartu dute: "Aldarrikapenerako eta euskara erabiltzeko espazioak galtzen joan dira". Hala, aurrerantzean Kilometroak antolatzeko oinarriak adostu dituzte: "jendartea euskalduntzeko hezkuntzaren eremutik garatu beharreko bideen defentsa eta aldarrikapena" sustatuko ditu festak; euskararen eta euskal kulturaren defentsan oinarrituko da, Euskal Herriaren nazio izaera islatuko du, eta auzolanaren filosofia indartuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.