Zaintza

Adineko egoitzetako grebalariek kanpaldia egingo dute Donostian, uztailaren 4tik 6ra

Gipuzkoako aldundiari eskatu diote egoitzetarako iragarri dituen 500 plazak sortu aurretik "gatazka konpontzeko", adinekoak egoitzetan baldintza egokietan egon daitezen.

Adineko egoitzetako grebalarien protesta martxa, gaur, Donostian. ELA SINDIKATUA
2019ko ekainaren 29a
08:20
Entzun

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek protesta martxak egin dituzte sei egunez Gipuzkoan barrena, eta gaur amaitu dute ibilaldia Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren parean. Bertan iragarri dute uztailaren 4tik 6ra kanpaldia egingo dutela Donostiako bulebarrean, herritarrei beren aldarrikapenen berri emateko, bertatik bertara.

Adinekoen egoitzetako langileen "soldata arrakala" ezabatzeko eta "zaintza sektore duin bat" izateko neurriak eskatu dizkiote langileek aldundiari. Txomin Lasa ELAren sektoreko arduradunak adierazi du, egungo egoeran, langileek soilik 90 minutuz arta dezaketela adineko bakoitza, "eta egunean 22,5 orduz adinekoak baztertuta daude zoko batean, langileek ez dutelako nahikoa astirik haiekin egoteko". Hori dela eta, bigarrenez Gipuzkoako ahaldun nagusi izendatu berri duten Markel Olanori zuzendu zaio, eta orain arteko jokabide "arduragabea" aldatzeko eskatu dio.

Lasaren esanetan, "oso ondo dago" aldundiak adinekoen egoitzetarako 500 plaza berri iragartzea, baina "ez CIEtan —atzerritarrentzako atxilotze zentroetan— bihurtzeko". Plaza horiek sortu aurretik, "gatazka konpontzeko" galdegin dio, adinekoak egoitzetan "ondo egon daitezen".

Adinekoen egoitzetako langileek ekainaren 17an hasi zuten 26 eguneko greba, eta uztailaren 12ra arte jarraituko dute mobilizazioekin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.