Irungo alardea

Inoizko parte hartzerik handiena izan du Irungo alarde parekideak

Udaletxeko balkoian EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariek egin diete harrera. Aldiz, aurten ere ez diote harrerarik egin Jose Antonio Santano Irungo alkateak eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak.

2019ko ekainaren 30a
13:56
Entzun

Alardea hasi aurretik, giro beroa sumatu da Irungo kaleetan. Alarde parekideko konpainiak kalera irten dira beste urte batez, plaza irabaztera, "gora alarde parekidea" oihu artean. Eta nabari da plaza irabazten ari direla. Parte hartzean "inoizko igoerarik handiena" izan dutela adierazi du Maite Bergara jeneralak. Guztira, 1.800 partaide izan ditu.

Desfilea hasterako, bide bazterrak bete dituzte herritarrek. Alarde mistokoak atzerapenik gabe abiatu dira, 10:20etan. Txalo zaparrada artean egin dute bidea, eta harrera bereziki beroa izan da San Juan plazara sartu direnean.

Udaletxeko balkoian, EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariak izan dira. EAJkoek eta PSE-EEkoek alarde baztertzaileari egin diote harrera lehenik, eta alarde parekideari agur egiteko gelditu dira udaletxean.

Ez die harrera egin nahi izan, ordea, Jose Antonio Santano Irungo alkateak. Beste behin ere, uko egin dio alarde parekideari aitortza egiteari. Hala ere, nolabait, bertan izan da. Alarde parekideko desfilean, alkatearen irudia zuen pankarta bat zabaldu du airean lagun talde batek. Bi puxika multzorekin igo dute gora pankarta, eta udaletxeko balkoiaren parean izan dute, alkatearen jarrera salatzeko.

Halaber, ez da balkoian izan EAJko udal ordezkarik, ezta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere.


@elierrazk

Udaletxeko arkupeetan, EH Bilduko zinegotzi Oihana Brionesek eman dio bandera alarde parekideari, eta txalo batean lehertu da plaza.

Jai giroan eta herritarren babes zabalarekin, Irunen geroz eta sakonago errotzen ari dela erakutsi du gaur alarde parekideak.

Balorazioak

Denis Itxaso PSE-EEko arduradun eta Gipuzkoako ahaldunak adierazi du erakundeei "zubi lana" egitea dagokiela. "Horrek esan nahi du bi alardeetan egon eta bi alardeak ikusi ahal izatea, bata bestea baino zilegiagoa edo erakargarriagoa iruditu arren". Itxasok dei egin du "festa giroa" eta "berdintasunean oinarritutako parte hartzea" uztartzera. Santanok alarde parekideari harrera ez egin izanari buruz galdetuta, Itxasok erantzun du ez dela "inor" alkateari "zer egin behar duen esateko", baina "itxaropentsu" dagoela adierazi du. Haren esanetan, "ate berriak" ari dira irekitzen eta horrek etorkizunean "ondorio garrantzitsuak" izatea espero du.

Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkideak, berriz, nabarmendu du jai ereduak moldatzen joan direla "emakumearen parte hartzea" posible egiteko, eta adibide gisa aipatu ditu Tolosako eta Antzuolako jaiak. Juan Karlos Izagirre EH Bilduren Gipuzkoako batzarkide taldeko bozeramaileak eskerrak eman dizkie duela 21 urte alarde parekidea martxan jarri zuten gizon eta emakumeei, eta kritikatu egin du Irungo alkateak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak alarde parekideari babesa agertzera joan ez izana.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente eta EAJko kide Xabier Ezeizabarrenak nabarmendu du "bi alardeetan" egoteko erabakia hartu duela EAJk, "normaltasunez".

Alderdietako ordezkaritzez gain, alarde parekideari harrera egitera joan dira Julia Hernandez Arartekoaren ondokoa eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria. Hernandez itxaropentsu mintzatu da eratu den udal gobernuak alardeen auziari eman diezaiokeen erantzunarekin. Nabarmendu du alarde publikorik ez dagoen arren, udalak "erantzukizuna" duela, eta "motore" izan behar duela egoeraren "normalizazioa bultzatzeko". Alkateak alarde parekideari harrera egitea "funtsezkoa" dela adierazi du. Hala ere, gaineratu du alde guztiena dela elkarrizketa sustatzearen ardura.

Landaidaren iritziz, beharrezkoa da tradizioak egungo gizartearen baloreetara moldatzea. "Tradizioak kohesiorako elementu garrantzitsuak dira baina testuinguru historiko jakinetan sortzen dira. Beraz, egokitu behar dira garai berrietara". Moldatze hori ez da tradizioen aurka jotzea, Landaidaren esanetan; aldiz, tradizioak aberasteko bidea dela uste du. Landaidak ere espero du Irunen eratu den udal gobernu berriak alardeen auziari "behin betiko erantzuna" ematea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.