Katalunia

Puigdemontek Estrasburgora ez joatea erabaki du, atxilotua izateko arriskuagatik

Europako Parlamentuan protesta egin dute milaka independentista kataluniarrek, Carles Puigdemont, Oriol Junqueras eta Toni Comin europarlamentari hautatuei ezarritako debekua salatzeko.

jarraia168365.jpg
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko uztailaren 2a
07:19
Entzun

Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetua ez da gaur Estrasburgon (Frantzia). Kataluniako Errepublikaren Kontseiluak Europako Parlamentuaren parean egin duen protesta ekitaldira ez joatea erabaki du, egoera bere aholkulari juridikoekin aztertu ondoren. Frantzian atxilotzeko arriskuagatik hartu du ez joateko erabakia, eta Waterloora itzuliko da. Puigdemonten abokatuek azaldu dute Presidentearen erabakia Estrasburgon bildu diren milaka manifestariren aurrean. Josep Costa abokatuaren esanetan, lehentasuna Puigdemontek "askatasuna ez galtzea" da.

Frantziara joateko arrazoi bat gutxiago izan zuten, atzo, Puigdemontek eta Cominek. Izan ere, EBko Justizia Auzitegiak baztertu egin zuen beraien aldeko kautelazko neurriak hartu eta behin-behinean eurodiputatu gisa aitortzea. Hala, parlamentura sartzeko aukerarik ez zutela izango jakin zuten.

Europako Parlamentua osatzeko saioa egin dute gaur Estrasburgon, eta milaka independentista kataluniarrek protesta egin dute parlamentuaren parean. Kataluniako hedabide batzuen arabera, 4.000 inguru izan dira elkarretaratzean bildutakoak. Puigdemontek, Junquerasek eta Cominek parlamentari gisa jarduteko dituzten eragozpenak salatu dituzte. Ganbera hiru eserleku hutsik dituela eratu da, eta Puigdemonten, Junuqerasen eta Cominen egoera ez da oharkabean pasa eratze saioan. Hainbat europarlamentarik Puigdemont, Junqueras eta Cominen irudiak erakutsi dituzte, eta Sinn Feineko Matt Carth diputatuak politikari kataluniarrek beren parlamentari eserlekuan izatea eskatu du.

Puigdemontek, Junquerasek eta Cominek ezin dute diputatu akta jaso, ezin izan zirelako Espainiako Hauteskunde Batzordearen aurrera agertu diputatu akta tramitatzera. Puigdemont eta Comin erbestean daude, eta Espainian haien kontrako atxilotze agindua dago indarrean. Junqueras, berriz, espetxean dago, behin-behinean, matxinada delitua leporatuta; Espainiako Auzitegi Gorenak ez zion baimenik eman akta jasotzera joateko. Espainiako Buletin Ofizialak hirurak Europako Parlamenturako diputatu aukeratuak izan direla argitaratu zuen arren, Espainiako Hauteskunde Batzordeak ez zituen sartu Europako Parlamentura igorritako hautetsien zerrendan, eta Europako Parlamentuak adierazi du zerrenda horretan oinarritu behar duela ganberaren osaketarako.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.