Nazioarteko merkataritza

Frantzia ez dago prest oraindik Mercosurrekin akordioa berresteko

Brasilek Amazonia deforestatzeari uztea jarri du baldintza gisa Parisek. Nekazarien presioak eta berme ekologiko gogorrek ere zalantzak sortzen dizkiote.

Moztutako baso bat Amazonasen. MARCELO SAYAO / EFE
Paulo Ostolaza.
2019ko uztailaren 2a
14:04
Entzun

Joan den ostiralean adostu zuten Europako Batasunak eta Mercosurrek bien arteko merkataritza liberalizatzeko akordioa. Hogei urteko negoziazioen ostean, "momentu historikoa" zela adierazi zuen Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak. Itun horren bidez, 4.000 milioi aurreztuko dituzte Europako enpresek, Mercosurreko herrialdeekin (Brasil, Argentina, Uruguai eta Paraguai) dituzten muga zergak murriztearen ondorioz.

Akordioa berrestu behar dute, ordea, Europako Parlamentuak eta herrialde kideetako parlamentuek. Akordioarekin eszeptikoak diren herrialdeen artean, Frantzia izan da jendaurrean adierazi duen lehena. Sibeth Ndiaye Frantziako Gobernuko bozeramaileak adierazi du "oraindik" ez daudela akordioa berresteko prest. "Zehatz-mehatz begiratuko dugu akordioa, eta horren arabera hartuko dugu erabakia", gehitu du.

Trantsizio Ekologikorako ministroak, François de Rugyk, azpimarratu du "lehen zeharkako ondorioa" Brasil klimaren inguruko Parisko akordiotik ez ateratzea dela. Dena den, Amazoniaren deforestazioarekin jarraitzen badute, akordiorik ez dutela sinatuko ere esan du. Mercosurreko herrialdeek zenbait berme eskaini beharko dizkiote Frantziari, lehenago Kanadak egin zuen moduan CETA akordioa sinatzerakoan.

Frantziak akordioa ez onartzeko arrazoi nagusiak bi dira. Batetik, nekazariak gobernuari egiten ari diren presioa, muga zergak murriztuz gero Argentinako haragiaren eta Brasilgo azukrearen inportazioek sor dezaketen konpetentzia gogorra dela eta. Bestetik, Frantziak eskatzen dituen berme ekologikoak oso gogorrak dira, eta ez dakite produktu hauek beteko dituzten ala ez. Phil Hogan EBko Nekazaritza komisarioak onartu du itunak "zenbait erronka" aurkeztuko dizkiela Europako nekazariei, baina aldi berean "premium produktuak" esportatzeko ere erraztasunak izango dituzte.

Frantziaz gain, Irlanda, Belgika eta Polonia dira akordioaren aurka agertu diren herrialdeak. Alde dago, berriz, Espainia buru duen zazpi herrialdeko talde bat.

Halere, muga zergek ez dute eragotzi bi blokeen arteko merkataritza harreman sakona eta kopuruetan orekatua. Berez, Europako Batasuna da Mercosurren bazkide komertzialik handiena; Mercosur, berriz, EBren bazkiderik handienetan bigarrena da ondasunetan (2018an, %20).

Europako Batzordearen arabera, iaz 88.000 milioi euroren salerosketak egin zituzten bi blokeen artean: EBk 45.000 milioi euroren ondasunak esportatu zituen Mercosurreko herrialdeetara, eta 42.600 milioirenak inportatu.

EBk batez ere makinak (%28,6), produktu kimikoak eta botikak (%23,6) eta garraiorako materiala (%13,3) esportatzen ditu Mercosurreko herrialdeetara. Handik, berriz, batez ere nekazaritza produktuak iristen dira: edariak eta tabakoa (%20,5), soja eta kafea (%16,3) eta haragia (%6,1).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.