Sanferminak

Herri Sanferminek erantzun diote Maiari "herriaren babesa" dutela

Behin betiko egitaraua aurkeztu dute, eta berritasunen artean daude tokiko produktuen inguruko txoko ekologikoa. Gainera, zuzeneko musika emanaldiak lehenago amaituko dituzte "auzokideen atseden baldintzak hobetzeko".

Herri Sanferminetako ordezkariak, gaur, Errekoletas plazan. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2019ko uztailaren 2a
14:05
Entzun

Herritarrei dei berezia egin diote Herri Sanferminetako ordezkariek. 560 txanda dituzte antolatuak, eta, "zati handi bat " beteta badago ere, oraindik ere 197 txanda geratzen dira betetzeko. "Egoera hau aldatzen ez bada, egun askotan ezingo ditugu bazkariak zerbitzatu, eta, hilaren 14an, adibidez, gauean txosnak itxi beharko ditugu", ohartarazi dute. Horregatik, hori gerta ez dadin, txandetan izena emateko dei berezia egin dute.

Bi aste pasatu dira Enrique Maia Iruñeko alkate izendatu zutela, eta, epe horretan, argi utzi du Herri Sanferminen gune herrikoia ez duela gustuko. Haren esanetan, ez du denborarik izan aldaketak egiteko, kontratuak jada sinatuak zeudelako, baina ohartarazi du datorren urtean alde zaharretik aterako dituela. Herri Sanferminek erantzun diote "jai herrikoi, anitz, antikapitalista, feminista, parte hartzaile, ekologista eta euskaldunen alde" jarraituko dutela lanean. "Mehatxuen aurrean, herriaren babesa dugu". "Aspalditik dakigu erregimenak ez duela onesten herriaren ahaleginarekin sorturiko eta kapital metaketa helburu ez duen ezer", gaineratu dute.

Oraintxe, prestaketa lanetan dabiltza. Larunbatean hasi ziren, eta zeregin horretan ere "auzolanaren garrantzia" azpimarratu dute antolatzaileek. "Edonork parte har dezake dituen gaitasunekin proiektua elikatuz (zirkuitu elektrikoa muntatzen, txosnak egiten, margotuz, iturgintzan...).

Gaztetxea protagonista

Aurten, gaztetxeak protagonismo berezia izango du, uztailaren 6ko 14:30ean, Maravillas gaztetxeko kideek txupinazo alternatiboa botako dutelako. "Gune autogestionatuen garrantzia azpimarratu nahi dugu", esan dute antolatzaileek. Uztailaren 6ra begira, hamaiketakorako berrehun eserlekuak hartuta daude.

Urtero bezala, azpimarratu dute guztientzako "jai parekideen alde" lan egingo dutela, eta ez dutela inongo eraso sexistarik onartuko, ez munta handikoak ez txikikoak. Antolatzaileen arabera, edozein eraso sexistari aurre egiteko protokoloa aktibatuko da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.