Literatura

'Urtaroak eta zeinuak' plazaratu du Jon Gerediagak

Bosgarren poema liburua du idazleak. Pamielarekin kaleratu du, eta, harengan ohikoa denez, natura baliatu du liburuaren motor gisa.

Jon Gerediaga idazlea, gaur goizean, Donostian. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
2019ko uztailaren 2a
09:24
Entzun

Antzerkiaren bueltan egin zituen lehen urratsak Jon Gerediagak (Bilbo, 1975). Antzerkiola Imajinarioaren kide izan zen, eta hainbat antzezlanen sorkuntzan hartu zuen parte. Orduan hasi zen nabarmentzen haren idazkera, eta Ander Lipus Antzerkiolako kide izan zenak esandako hitzak baliatu ditu, horregatik, Jose Angel Irigarai Pamielako editoreak gaur goizean Gerediagaren lan berria aurkeztean, Donostian. "Lipusek esaten zuen Jonen hitzetan, poetikoetan zein antzerkirako idatzitakoetan, ez dagoela erantzunik, ez oraingo egoerari, ez kezka existentzialari; dagoena poesia da". Bere lehen poema liburutik hona —Fitola balba, karpuki tui (Pamiela, 2004)—, gero eta nabarmenago bihurtu da hori Irigarairentzat. "Inpresioa daukat poesia idaztea bera zaiola lagungarriena existentzian kokatzeko, bizitzen asmatzeko eta bizitzari dagokion poetikotasuna aurkitzeko; beraz, bere burua osatzeko".

Izenbururik gabe datoz Gerediagaren poemak. Eta atalik ere ez du liburuak; jarraian datoz olerki denak. Lau ardatz ikusten ditu horietan egileak, eta natura da horietan agerikoena harentzat. Naturako lau elementuak, zehatzago esanda: sua, ura, lurra eta airea. “Hori oso presente dago. Lehenengo pausoa ia beti naturako elementuetatik ateratzen dut”. Bigarren ardatza gizakiaren begirada izango litzateke, poetarena. “Pentsatzen dut hor agertzen den natura hori natura humanizatua dela; poemetan agertzen dena ez da mendi bat edo zuhaitz bat, gizakiak egindako zeinuak edo sinboloak dira; neurri horretan, gizakiaz hitz egiten dut, zeharka bada ere”.

Beste bi ardatzak itxuraz kontrajarriak diruditen bi indar dira, baina egilearen ustetan, oro har, elkarren eskutik joan ohi direnak. Iraupena da horietan aurrena. “Badago ezinbestean iraun behar duen hori goraipatu nahi bat, babestu nahi bat”. Eta harekin batera, eraldaketaren indarra. “Ez da aldaketa bortitz bat, bat-bateko bat; baizik eta eraldaketa geldo bat, baina sakona. Sugar gozo eta apal batek eragiten duena”.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.