'ELCANO' ESKOLA ONTZIA

Getarian porturatuko da Espainiako armadaren 'Elcano' eskolaontzia, igandean

Astelehenean eta asteartean Getxon izango da. Martxoan ere izan zen Espainiako armadaren beste ontzi bat Getxon. Protesta eta aldarrikapen ugari eragin zituen gertakariak.

'Juan Sebastian Elcano' eskola ontzia, artxiboko irudietan. VíCTOR HUGO YáñEZ RAMOS / EFE
Nagore Arin.
2019ko uztailaren 2a
14:06
Entzun

Aurten, 500 urte beteko dira Elkanok eta haren eskifaiak lehen aldiz munduari bira eman zion espedizioa abiatu zutenetik. Hain justu, urteurrenarekin bat eginez porturatuko da Euskal Herrian Espainiako armadaren Juan Sebastian Elcano eskolaontzia. Igandean iritsiko da Getariara. Astelehenean eta asteartean, berriz, Getxon izango da. Ez da Euskal Herrian izan den lehen aldia. 2008an eta 2011n izan zen azkenekoz, ontziari izena ematen dion getariarra omentzeko antolaturiko jardueren barruan.

Ez da porturatuko den ontzi bakarra izango. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Nautika Eskolako El Saltillo itsasontzia ere izango da. Horiekin batera, duela 91 urte ingeniari holandar berberak diseinatutako Lucretia ontzia eta ur gaineko museo gisa berregituratutako Mater atunontzi zaharra ere izango dira.

Urteurrenaren harira, Elkanori Bira herri ekinbidea sortu dute hainbat sektoretako ehun bat eragilek, "irabazleen historia" auzitan jartzeko asmoz. Elkanoren gaineko "gogoeta kritikoa" sustatu nahi dute sinatzaileek, "orain arte historiak isilarazitakoak" lehen lerrora ekartzeko: "emakumeak, herri indigenak, eta inperialismoaren kalteak zuzenean sufritu eta sufritzen dituztenak". Gainera, erakunde publikoen jarrera ere salatu dute, gaur egungo interes politiko eta ekonomikoen arabera "historia moldatzea" egotzita.

Protestarako bide

Iragan martxoan porturatu zen Espainiako armadaren beste gerraontzi bat Getxon, Juan Carlos I.-a. Hautsak harrotu zituen gertakariak. Kontrako erreakzio ugari eta ikusmina eragin zituen. Gerrak sortzen duen hondamendia eta gastu militarra salatu zituzten Getxoko Udalak, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak eta hainbat eragile antimilitaristak. Azaldu zutenez, "gerrak dira herritarrak jaioterritik alde egitera behartzen dituen arrazoi nagusia", eta Getxon porturatu zen ontzia gerra horietan parte hartzeko egina dago. 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.