Mendia

Mendizale bizkaitar baten bila ari dira Frantziako Pirinioetan

Frantziako erreskate zerbitzuak helikoptero bidez eta oinez ari dira gizonaren bila. Mendizaleak 46 urte ditu, eta Santurtzin bizi da.

La Fruitiere aparkalekua. MICHEL LAIGNEL
Nagore Arin.
2019ko uztailaren 2a
16:42
Entzun

Igandean zen itzultzekoa etxera 46 urteko mendizale bizkaitarra. Larunbat goizean abiatu zen 1.371 metrora dagoen La Fruitiererreko aparkalekutik. 1.804 metrora dagoen Estom aterpean gaua igarotzeko asmoz joan zen, baina igandean ez zen itzuli etxera. Familiak abisatu zuen galdua zela. 

Helikoptero bidez eta oinez ari dira Santurtziko bizilaguna aurkitu nahian. Mendizalea bakarrik zihoan, eta, familiaren arabera, esperientzia zuen mendian. Segurtasun indarrek adierazi dutenez, tarte lasaiak eta eskalada alpinoa uztartzen ditu ibilbideak.

Salbamendu taldeak eta mendiko jendarmeria elkarlanean ari dira mendizalea bilatzen segitzeko. Gizonak egin zitzakeen ibilbide posible guztiak aztertzen ari dira. Lehenengo datuen arabera, mendizalea ez zen iritsi gaua aterpean igarotzera. Inguruan beste gertakaririk izan ez denez, segurtasun indarrak eskura dituzten baliabide guztiak erabiltzen ari dira gizona aurkitzeko. Larrialdietarako euskal boluntarioen elkarteak jakinarazi duenez, motxila gorri bat zuen, eta zapi bat eraman ohi du buruan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.