MUSIKA

Hertzainak taldeko Josu Zabalak eta Garik bigarren kontzertu bat ere egingo dute, irailaren 25ean

Kontzertu bakarra zuten iragarria, irailaren 26rako, baina sarrera guztiak saldu dira bost orduan, eta beste kontzertu bat egitea erabaki dute. Euskalduna jauregian izango dira bi emanaldiak.

Gari eta Josu Zabala, kontzertua aurkezten gaur. FOKU
amaia igartua aristondo
2019ko uztailaren 3a
07:19
Entzun

Badira 35 urte Hertzainak-ek lehen diskoa kaleratu zuela, baina rock taldeak badu oraindik zer esana. Joan den otsailean, Josu Zabalak eta Garik, indarrak batu, eta abestirik mitikoenak jo zituzten Bilboko Arriaga antzokian, 150 lagunen aurrean. Motz geratu zitzaien, ordea, eta beste kontzertu bat iragarri dute irailaren 26rako, Euskalduna jauregiko auditoriumean, 20:30ean.

Iragarpen horrek ere ez du ase jendearen ikusmina, ordea: sarrera guztiak saldu dira bost orduan. Hori dela eta, irailaren 25ean beste emanaldi bat egitea erabaki dute. Bigarren kontzerturako sarrerak salgai daude dagoeneko.

Ordu eta erdi inguru ibiliko dira oholtza gainean. Taldeak argitara emandako sei diskoetako abesti sorta zabala joko dute, 17 inguru; gaur egungo egoerara aplikagarriak diren horiek, zehazki. Izan ere, Zabalak aitortu duenez, “hobekuntzak egon dira” abestiak idatzi zirenetik, “baina garai hartan egindako garapen batzuk arriskuan daude, eta hainbat askatasunek ezinezkoak dirudite”; hori dela eta, mezuek gaurkotasuna dute oraindik ere, eta hala aldarrikatuko dute udazkeneko emanaldian, utopiarako hurbilketa izango den horretan. Emanaldia izendatzeko hautatu duten esaldia da, Gariren ustez, garai orotan erdietsi beharrekoa: ‘Inun baino alaiagoa izanen da’. Atzera begirakoa laburbiltzen duen bertsoa, taldearen lehen diskoko Ta zer ez da berdin abestitik hartua.

Ezustean, oholtzara bueltan

Hertzainak-en itzulera partziala inprobisazio kontu bat izan da. Gariren taldea disko berria aurkeztekoa zen Arriagan, eta Josu Zabalari haiekin batera taularatzeko gonbita egin zion taldekide ohiak. Zabalak, esker oneko, onartu egin zuen, eta taulara igo zen, urteetan jendaurrean aritu gabe egon ondoren: “Oholtzatik baztertuta nengoen. Garik erreskatatu ninduen”. Erreskatea, ordea, ezin izan da guztizkoa izan. Taldea osatu zuen boskotea hainbatetan bildu da itzuleraren harira, baina kideen egoerak eta adostasun faltak ezinezkoa egin du denak biltzea: “Batzuek lehen bezala itzuli nahi zuten; guk, aldiz, Arriagakoa handiagotuta errepikatu, eta, gero, lekua utzi nahi genien hurrengo belaunaldietako abeslariei”, penatu da Zabala. Dena dela, bikotea ez da bakarrik arituko irailaren 26an: Gariren taldea izango dute bidelagun, Maldan Behera, baita konfirmatzeko dauden hainbat gonbidatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.