Sanferminak

Zezenketen aurkako kalejira egingo dute Iruñean uztailaren 7an

Iruñea Antitaurinak antolatua du kalejira. Aurten, pankarta da berritasun nagusia. Zezenketak amaitzea eskatu dute. "Zezenketa ez da festa, tortura da".

Iruñea Antitaurinaren pentsaurrekoa, gaur goizean, Iruñean. IRUñEA ANTITAURINA
Nagore Arin.
2019ko uztailaren 3a
09:30
Entzun

Zezenketen aurkako aldarriek Iruñeko kaleak girotuko dituzte aurten ere. Uztailaren 7an egingo dute jai-ekitaldia, arratsaldeko 19:00etan, Udaletxeko plazatik hasi eta Errekoletak plazan amaitzeraino. Gizarte eta hiri gisa, Iruñeak sanferminen etorkizunari buruzko eztabaidari heldu behar diola uste dute antolatzaileek. Haien esanetan, gero eta gehiago dira animalien kontrako tratu txarrak arbuiatzen dituztenak eta zezenen tortura eta heriotza oinarri dituen jaiaren ankerkeria salatzen dutenak.

"Sanferminak maite ditugu, eta, horregatik, edozein indarkeriarik gabeak nahi ditugu". Helburu nagusia zezenketak amaitzea da, horietan gertatzen baitira "torturarik eta krudelkeriarik handienak". Entzierroak berariazko eztabaida beharko lukeela adierazi dute; izan ere, mugak gainditu dituen gaia da. Nazioartean ere nabarmenki murriztu dira zezenketak eta horietara joaten diren ikusleen kopurua. Gainera, gazte gehienak ere aurka daudela adierazi dute; "16 eta 24 urte artekoen %84", zehazki.

Matraka elektrotxarangak girotuko du kalejira. Aurtengoan, pankarta aurkeztu dute berritasun gisa. Patxi Huarte Zaldieroa marrazkigileak egin du, eta "hausnarketa eta kritikarako" pankarta dela iritzi dute. "Ez da zilegi gure jaien zati bat animalien kontrako tratu txarretan oinarritzea". Beraz, sanferminetan arratsaldero "zezenak torturatzeari eta hiltzeari utzi eta basakeria horren ordezkoa" bilatzen hasteko, deialdia egin dute iganderako. 

Nafarroan zezenketen inguruko eztabaida plazaratzen ari da, poliki-poliki, eta zenbait musikari eta peñakide zezenketen aurka agertu dira. Lizarrako La Bota peña da horren adibide. Aurrerantzean, ez dira zezenketetara joango. Hala erabaki zuten barne bozketa egin ondoren. Cesar Etxeberria peñako lehendakariak esan duenez, azken urteetan gaia eztabaidatu dute, eta erabakia hartu dute azkenean: "Arrazoi nagusia da gero eta jende gutxiago doala".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.