Elkanori omenaldia

Asteburuan Elkanori egingo dioten omenaldian ez parte hartzeko eskatu diote EHUri

Unibertsitateko hainbat sindikatuk eta elkartek "militarismoarekin elkarlanean ez aritzeko" galdegin diote unibertsitate publikoari.

EHUri Elkano Zeruertza ekitaldian ez parte hartzeko eskatu diote, gaur, hainbat eragilek, Bilboko Ingeniaritza Eskolaren parean.
2019ko uztailaren 3a
09:37
Entzun

EHUko Saltillo eskolaontziak Espainiako armadarekin batera parte hartuko du Juan Sebastian Elkanori asteburuan egingo dioten omenaldian, eta unibertsitate publikoak ekitaldi horretan izatearen kontra agertu dira unibertsitateko hainbat eragile. Elkarretaratzea egin dute Bilbon, Ingeniaritza Eskolaren parean. Protestan parte hartu dute LAB, Steilas eta ELA sindikatuetako unibertsitateko ordezkariek, Ikasle Abertzaleak-ek eta Mugarik Gabeko Ingeniaritza elkarteak. Horiez gain, han izan dira Ernai gazte erakundea eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma ere. Guztiek EHUri eskatu diote "eten" dezala "elkarlan oro" militarismoarekin. Eskari bera egin zioten unibertsitateari 142 irakaslek eta langile joan den astean, BERRIAk argitaratu zuen iritzi artikuluan.

Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman zion espedizioaren bosgarren mendeurrena ospatzeko, Elkano Zeruertza ekitaldia antolatu du Regata Costa Vasca elkarteak. Ekitaldi horren antolaketarako lankidetzan aritu dira hainbat eragile. Besteak beste, EHU, Espainiako armada eta hainbat elkarte eta enpresa; "baten bat armagintza ekoizpenari lotutakoa", manifestariek irakurri duten komunikatuak nabarmendu duenez. "EHUren Saltillo eskolaontziak zeharkaldi bat egingo du beste ontzi batzuekin batera; esaterako, Espainiako armadako Juan Sebastian Elcano eskola ontziarekin". Armadako ontzia larunbat iluntzean iritsiko da Getariako portura (Gipuzkoa), eta igandean bertan izango da. Astelehenean eta asteartean, berriz, Getxoko portuan (Bizkaia) izango da.

Elkarretaratzean izan diren eragileek salatu dutenez, "ez da lehenengo aldia EHU Espainiako armadari eta armagintza industriari lotuta ageri dena". Beraz, adierazi dute asteburuko ekitaldiak ez dituela "harritzen", baina "sumindu" egiten dituela. Komunikatu batean salatu dute EHUk Espainiako armadarekin batera parte hartzeak "normalizatu" egiten duela "ontzi militar bat euskal kostaldean izatea". Haren esanetan, "Espainiako indar armatuak zenbait euskal erakunde erabiltzen ari dira, hitzaldi eta bisiten bitartez, beren presentzia eta jarduna Euskadin normalizatzeko".

Hori dela eta, ekitaldian parte hartzeko erabakia bertan behera uzteko eskatu diote EHUri, eta unibertsitateko gobernu taldeari galdegin diote "gaitzets" dezala parte hartze hori. Horrez gain, "antimilitarismoaren balioak sustatzeko" eskatu diote, eta "eten" ditzala indar armatuekin eta armagintza ekoizpenari lotutako enpresekin dituen harremanak.

Protestaren antolatzaileek gaineratu dute joan den hilean, EHUren gobernu kontseiluan, Saltillok Elkanoren omenaldian izango duen parte hartzeari buruzko azalpenak eskatu zirela. "Ez zen erantzunik izan. Horrenbestez, ulertzen dugu gaiari buruz gehiegi ez hitz egitea lortu nahi dutela".

Ekitaldiaz harago, eztabaidaren muina unibertsitate ereduari buruzkoa dela ohartarazi dute manifestariek. "Unibertsitatearen eredua salatzen ari garen jardueretan ere islatzen da". EHUren funtzioak "euskal gizartearen beharrei erantzutea" izan behar du, deitzaileen iritziz, eta erakundearen jarduera "hitz soiletan gelditu ezin diren balioetan oinarritu behar da".

Elkanoren espedizio sonatua hasi zela 500 urte bete direla eta, hainbat ekitaldi ari dira antolatzen marinelaren omenez. Hainbat sektoretako ehun bat eragilek Elkanori Bira ekinbidea sortu dute Elkanoren gaineko "gogoeta kritikoa" sustatzeko. "Orain arte historiak isilarazitakoak" lehen lerrora ekarri nahi dituzte: "emakumeak, herri indigenak eta inperialismoaren kalteak zuzenean sufritu eta sufritzen dituztenak".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.