Pentsioak

Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin du lanaldi partzialekoen pentsio kalkulua, sexu bazterketagatik

Europako justiziak maiatzean ohartarazi zuen Espainiako legediak emakumeak diskriminatzen dituela

LABen protesta 2013an, Gizarte Segurantzak lanaldi partzialeko emakume langileak diskriminatzen dituela salatzeko. ANDONI CANELLADA, FOKU
Jon Fernandez.
2019ko uztailaren 3a
07:14
Entzun

Madrilek kasu egin dio Europakoak berriki egindako ohartarazpenari, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak aho batez erabaki du gaur baliogabetzea lanaldi partziala daukaten langileen pentsiorako kalkulurako formula, emakumeak diskriminatzen dituelako. Hego Euskal Herrian, beraz, aldatu egingo da aurrerantzean aldi baterako beharginen pentsiorako kalkulurako formula, eta lanaldi osokoen pentsioa kalkulatzeko erabiltzen den ekuazio bera erabiliko da. Hori bai, Konstituzionalak zehaztu du neurriak ez duela atzera eraginik izango, "segurtasun juridikoaren printzipioa bermatzeko"; beraz, kalkuluaren baliogabetzeak ez die eragingo ez lehenago epaitutako gatazka indibidualei, ezta ere ebazpen irmoa daukaten administrazio erabakiei.

Emakumeen kontrako sexu bazterketa da aldaketaren arrazoi nagusia, baina Auzitegi Konstituzionalak azaldu du orain arteko pentsio kalkuluak bi bazterketa egiten zituela aldi bereran: batetik, berdintasunaren printzipioa urratzen zuen, kalkulu formula ezberdina zelako lanaldi osokoentzat eta partzialekoentzat; eta, bestetik, zeharkako sexu diskriminazioa ezartzen zuen, nagusiki emakumeak direlako lanaldi partzialeko enpleguetan dabiltzanak. Hego Euskal Herrian, esate baterako, lanaldi partzialen %80 inguru emakumeek egiten dituzte, Emakunderen eta Nafarroako Gobernuaren datuen arabera.

Koefizienterik gabe

Auzitegi Konstituzionalak aldatu duena Gizarte Segurantzaren Arau Orokorraren artikulu baten zati bat da; zehatzago esateko, lanaldi partizaleko langileen pentsioa kalkulatzeko formulan orain arte erabili izan den koefiziente bat ezabatu du. Orain arte, langileak lan egindako egun kopurua zenbatzen zen, eta kopuru horri koefiziente bat ezartzen zitzaion, pentsioa kalkulatzeko.

Koefiziente horrek txikiagotu egiten zuen pentsioa. Hau da, lan orduen kopurua dela eta, lanaldi partzialeko beharginen pentsiorako oinarria apalagoa da lanaldi osokoenaren aldean; hori gutxi ez eta koefizienteak are gehiago apaltzen zuen pentsioa.

Edozelan ere, koefiziente hori mantendu egingo dute ezintasun iraunkorra daukaten langileen pentsioaren kalkulurako.

Langabeziarako ere, baztertzailea

Ez da lehen aldia Luxenburgok Madrili belarritik tira egiten diona lanaldi partzialeko enpleguaren araudiaren harira. 2017ko udazkenean ere Europako justiziak ebatzi zuen Espainiaren legedia EBkoaren aurkakoa zela kontratu partziala izan duten langileen langabezia saria kalkulatzeko garaian. Sexu diskriminazioa salatu zuen orduan ere Europak. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.