Memoria historikoa

Ekinaldi legegile bat aurkeztu dute biktimei "babesa bermatzeko"

Frankismoaren Krimenen Aurkako Plataformak erregistratu du lege egitasmoa Eusko Legebiltzarrean. Alderdi politikoen borondaterik eza salatu dute.

Frankismoaren Krimenen Plataformako kideak Eusko Legebiltzarrean. BERRIA
jokin sagarzazu
2019ko uztailaren 3a
07:28
Entzun

Eusko Jaurlaritzak ala Eusko Legebiltzarreko alderdiek egiten ez bazuten, haiek egingo zutela ohartarazi zuten, otsailean, Giza Eskubideen Batzordean. Eta egin dute. Euskal Autonomia Erkidegoak ere Memoria Historikoaren Lege bat izan dezan —Nafarroak badu, 2013tik— Eusko Legebiltzarrean herri ekimen legegile bat erregistratu dute Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformako kideek. Legegintzaldi honetan ez bada, hurrengoan lantzeko egin dute. Tramiterako onartu ala ez, datozen egunetan erabaki beharko du legebiltzarreko mahaiak, eta, alde azalduko balitz, 10.000 sinadura beharko lituzkete egitasmoak bere bidea egiteko. Babes bilketarekin irailean hastea espero dute.

Plataformako kideek 80 artikuluko lege bat aurkeztu dute. Horretan jasotzen diren hainbat neurri aurrera eramaten ari da Jaurlaritza —biktimen datu basea, hobi komunen exhumazioa, DNA bankua...—, baina plataformakoentzat ezinbestekoa da egitasmo horiek eta beste batzuk lege batean biltzea, horien bideragarritasuna ez dadin egon gobernuan dagoen alderdien borondatearen zein beste faktore batzuen menpe. Legearekin bermatu nahi dute egitasmo horien segurtasun juridikoa, eta, bereziki, biktimen eskubideena. "Egin daitekeen lan guztiari eta orain arte egin denari lege babesa eman nahi diogu. Lege bat izateak, gainera, behartzen ditu gobernuan dauden alderdiak hor jasotzen direnak betetzera, eta oposizioak tresna bat du hori exijitzeko", azaldu du plataformako kide Josu Ibargutxik.

Testuan, besteak beste, jasotzen dira biktimen eta biktimarioen zerrendak egiteko beharra eta erreparazio moral eta ekonomikorako neurriak. Halaber, euskal erakundeen betebehar ekonomiko eta judizialak aipatzen ditu egitasmoak: adibidez, beren gain hartzea gorpuen exhumazioarekin loturiko gastu guztiak, edota bultzatzea eta laguntzea auzibideak zabaltzen. Hainbat plan aurreikusten ditu: exhumazioenaz gain —Erorien Haranean dauden Euskal Herritarrak ekartzekoa barne—, desagertutako haurrei buruzkoa, «memoriarako tokiak» izendatzeko eta babestekoa, edota sinbologia fankista eta monumentu frankistak kentzekoa. Zigor eta isunen atal bat ere jasotzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.