Pilota

Pilota munduko ordezkaritza zabal batek euskal selekzioa aitortzeko eskatu dio Nazioarteko Federazioari

Iruñean, Nazioarteko Euskal Pilotaren Federazioaren egoitzan, agiri bat aurkeztu eta babestu dute Euskadiko Pilota Federazioko presidenteak, Araba, eta Gipuzkoako lurraldeetako federazioko ordezkariak, baita Nafarroa edo Lapurdiko euskal pilotaren erreferenteak. Eskaerari atxikimendua eman dioten 6.700 sinadura aurkeztu dituzte

Euskal Pilota esparruko ordezkaritza, Iruñean, Nazioarteko Federazioaren egoitza aurrean. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2019ko uztailaren 3a
07:20
Entzun

Nazioarteko Federazioaren teilatu gainean utzi dute pilota. Gaur arratsaldean, Euskal Herriko pilota munduko ordezkaritza zabal bat joan da  Nazioarteko Euskal Pilotaren Federazioaren Iruñeko egoitzara, eta atea itxita aurkitu badute ere, atarian komunikabideei aldarrikatu diete "nazioartean ofizialki lehiatu ahal izatea" dutela helburu.

Horretarako, 2022an Miarritzen jokatuko den munduko txapelketan Euskal Pilota Federazioak ordezkaritza zabal bat bidali ahal izatea eskatzen dute. Nazioarteko Federazioari helarazi dioten agirian argudiatzen dutenez, "kirol munduan ohikoa da nazioarteko federazioek kirol horren jatorriko nazio edo lurraldeetako federazioak onartzea, estatu egiturarik ez izanik ere". Hala, euskal pilotaren kasuan, kide gisa onartzea "logikoena" dela deritzote.

Hori bideratzeko, Eusko Jaurlaritzaren, Nazioarteko Euskal Pilota federazioaren eta Euskal Pilota Federazioaren artean bilera egitea galdegiten dute.

Eskaeraren berri eman zuen Gotzon Enbil Euskadiko Pilota Federazioko presidenteak, euskaraz. Frantsesez, Dunixe Larralde Lapurdiko pilotari ohiak irakurri zuen agiria eta gazteleraz Lera Agirrek, Nafarroa Garaiko pilotariak. Haiekin batera, Iruñeko egoitzara joan ziren ere bai Andoni Lertxundi Gipuzkoako Pilota Federazioko presidentea, Iker Geresta Arabako Pilota Federazioko presidenteak eta Kike Zurutuza Euskal Herri Kirolako arduradunak (erakunde hori izan da egitasmoaren bultzatzailea). Horrez gain, Iparraldeko euskal pilota batzordeko presidente Jean Mixel Garaiarrek agiria sinatu du.

Bixintxo Bilbaoren kasua gogoan

Iaz, Munduko Pilota txapelketan, podiumera igo zenean, ikurrina atera zuen Bixintxo Bilbao pilotari lapurtarrak. Hasiera batean, Nazioarteko Federazioko diziplina batzordeak zigorra ezarri bazion ere, azkenean kendu egin zioten. Dena den, kasu hark hauts ugari harrotu zituen. Agiria sinatu dutenen ustez, ezarritako zigorrak agerian uzten du "euskal pilotariak nazioarteko txapelketetan aritzerakoan bizi behar izaten duten egoeraren irregulartasuna".

Halaber, Bilbaori gertatutakoa ez da lehen aldia, eta "kasu larriagoak" izan dira. Adibidez, agiria babestu duen Dunixe Larralde berak ere ikurrina atera zuen 1990ean Kuban egin zen txapelketan, eta ezarritako zigorraren ondotik lana topatzeko arazoak izan zituen. Horren guztiaren aurrean, sinatzaileek uste dute egoera konpondu behar dela eta euskal selekzioari nazioarteko txapelketetan parte hartzea baimendu beharko litzaiokeela. "Eskaera honek babes zabala du pilotaren kirol esparruan eta oro har Euskal Herriko lurralde guztietan".

Uste dute ez dela aldarrikapen baztertzailea. Proposatzen dutenaren arabera, pilotarien esku utz daiteke, "beraien nahiaren arabera",  zer lurralderekin parte hartu: "euskal selekzioarekin edo Frantzia edo Espainiako Federazioarekin", beti ere adosten diren irizpideen arabera. "Ez dago inongo lege eragozpenik eskaera hori gauzatzeko".

Joan den maiatzean, hiru pilotari bizkaitarrek uko egin zioten Espainiako selekzioarekin jokatzeko hautaketa prozesuan parte hartzeari. Asier Aspuru, Ekhi Ziarrusta eta Inhar Ugarte aurtengo Munduko Kopa prestatzeko saioetara deitu zituen Espainiako selekzioko hautatzaileak, baina pilotariek adierazi zuten "soilik Euskal Herria ordezkatuz" jokatu nahiko luketela txapelketa. Gaur gaukoz, ate hori itxita dute pilotari euskal herritarrek, eta ireki dezatela eskatu diote Nazioarteko Federazioari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.