Herbehereak 1 - 0 Suedia

Herbehereak, Munduko Kopako finalera

Luzapenean hartu du mendean Suedia, Jackie Groenenek sartutako gol bati esker. Igandean AEBak izango dituzte aurkari finalean, 17:00etan.

Jackie Groenen, Herbehereen gola opatzen. SEBASTIAN NOGIER / EFE
ainara arratibel gascon
2019ko uztailaren 3a
09:19
Entzun

Sufrituta, baina Herbehereak Munduko Kopako finalean dira. Kostata hartu dute mendean Suedia. Jackie Groenenek sartu du lehiako gol erabakigarria, 99. minutuan, luzapeneko lehen zatian. Groenen Herbeheren erasoko jokoari zentzua ematen dion jokalaria da, baina gozakaitz aritu da txapelketan. Finalera sailkatzeko golaren loria, ordea, harentzat izan da. Egungo Europako txapelduna bigarrenez ari da Munduko Kopan parte hartzen, eta partida erabakigarrira iritsi da. Igandean AEBak izango dituzte aurkari, finalean.

Parekatua eta lehiatua espero zen neurketa, eta aurreikuspenak bete egin dira. Zelai erdiko jokoa nagusitu da, eta bi selekzioei kosta egin zaie gol aukerak sortzea. Bi atezainek apenas izan duten lanik. Soilik pare bat gelditu behar izan dute lehen zatian. 12. minutuan, adibidez, Sari van Veenendaalek gelditu ona egin dio Stina Blacksteniusi. Hark area barruan egin du errematea. Ondorengo minutuetan ez da abagune argirik egon.

Suedia aise aritu da horrela, ondo moldatzen baita partida itxietan. Herbehereak taldeko jokalariek, berriz, aurrealdeko kideek babak heltzetik noiz aterako zituzten zain zeudela zirudien. Baina Lineth Beerensteyni, Vivianne Miedemari eta Lieke Martensi apenas iritsi zaizkien baloiak, eta, horrela ezinezkoa, izan da haiek zerbait egitea. Ez arauzko denboran, behintzat.

Partida hala egonda, argi zegoen geldikako jokaldiak zirela arriskua lortzeko biderik eraginkorrena eta errazena. Hain zuzen ere, hala iritsi da zati horretako aukerarik garbiena. Suediak izan du. 36. minutuan izan da, korner bat atera, eta aldaratzea Elin Rubenssoni iritsi zaio, area txikiaren ertzean. Erremate ona egin du, baina Van Veendendaal atezainak gelditu ona egin du, ezker oina ateraz.

Lehen 45 minutuak hala amaitu dira. Bigarren zatian Suediaren nagusitasuna areagotuz joan da, eta, pixkanaka, nahi zuen lekura eraman du neurketa. Gertu izan du gola 55. minutuan, baina Mila Fischerren errematea zutoinera joan da.

Herbehereak kontrakarrean aritu dira orduan, eta ohikoa duten erasoko jokoa egin ezinik. Baina izan dute beren aukera. Kasu honetan ere, korner batean. Hor agertu da Miedema, selekzioko inoizko golegilerik onena. Buruz ondo errematatu du, baina Hedvig Lindahlek ozta-ozta atera du eskua, eta baloia langara joan da (63. min.).

Partida aldatzeko asmoz, bi hautatzaileek aldaketak egin dituzte. Herbehereetan, Shanice van de Sanden irten da, eta bestelako freskotasuna eta abiadura bat eman dio erasoko jokoari. Suedian Zigiotti eta Janogy zelairatu dira. Baina ez dute aparteko aukerarik izan gola sartzeko. Partidaren hondarrean, Herbehereek pare bat aukera izan dituzte, baina ez dute asmatu.

Partidan egiten asmatu ez dutena egiten asmatu dute luzapenean. Groenenen golak, luzapeneko bederatzigarren minutuan, abantaila eman die Herbehereei, eta, bukaeran, emozio handia izan du partidak, bi aldeek gola sartzeko aukera ugari sortu baitituzte. Erotu egin da partida tarteka, baina Herbehereek ongi eutsi diote errentari, eta, azkenean, haiek irabazi dute partida, eta finala jokatzeko aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.