Musika

Amaitu dira Hertzainak taldeko Josu Zabalaren eta Gariren bigarren kontzerturako sarrerak ere

Irailaren 25ean eta 26an egingo dute emanaldia, Bilboko Euskalduna jauregian. Lehenengo kontzerturako sarrerak bost orduan amaitu ziren; atzo jarri ziren salgai bigarren emanaldikoak, eta gaur saldu dira azken sarrerak.

Josu Zabala eta Gari Hertzainak taldeko kide ohiak, atzo, irailaren 26ko kontzertuaren aurkezpen ekitaldian. MARISOL RAMIREZ, FOKU
2019ko uztailaren 4a
18:25
Entzun

Jendea gogoz dago Hertzainak musika taldearen kanta ezagunak taldeko kide ohien eskutik entzuteko. Nabaritu zen, joan den otsailean, Josu Zabalak eta Iñaki Garitaonaindia Garik Bilboko Arriaga antzokian Hertzainak-en abestirik mitikoenak jo zituztenean, 150 lagunen aurrean. Eta nabaritu da irailaren 26rako kontzertu bat iragarri dutenean. Bost orduan baino gutxiagoan saldu dituzte sarrera guztiak Bilboko Euskaldunan egingo duten emanaldirako; hori dela eta, beste kontzertu bat egitea erabaki zuten, aurreko egunean, irailaren 25ean, Euskaldunan bertan. Atzo jarri zituzten sarrerak salgai, eta gaur goizean amaitu dira.

"Ez da Hertzainak-en kontzertu bat izango", abisu eman du Josu Zabalak. Hala ere, Hertzainak taldeko bi musikaririk ezagunenak, Zabala eta Gari, taula gainera igoko dira, eta taldearen ibilbideko estudioko sei diskoetako kantuak joko dituzte.

Helburua boskotea taularatzea zen, baina ezinezkoa izan zaie talde osoa batzea. Bi kideek azaldu dutenez, ezin izan dute lortu, behin baino gehiagotan bildu diren arren. Hainbat izan dira arrazoiak: batetik, urteak igarota, kide bakoitzak ibilbide pertsonal eta profesional propioa egin duela. Garik nabarmendu du "bakoitzak bere bizimodua" duela, eta "pena" dela ados jarri ez izana. Bestetik, asmo ezberdinak zeuden: Zabalak behin-behineko itzulera nahi zuen, iraganekoa berriro gozatu eta erretiratzekoa: "Abestiak berridatzi nahi nituen, beste modu batera planteatu, gaur egunera ekarrita". Aldiz, bazegoen Hertzainak berpiztu nahi zuenik ere. Bat ez etortze horien ondorioz, taldea ezin izan da osorik bueltatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.