INDARKERIA MATXISTA

Baionako musika ikastaldia bertan behera utzi dute, sexu jazarpenagatik

Ikastaldiko hiru emakumek gizonezko baten sexu jazarpenak jasan zituztela salatu zuten iazko uztailean. Salatua ikastaroaren zuzendaria da, eta 76 urte ditu.

Baionako musika kontserbatorioan eman ohi dituzte ikastaldiko saioak. GUILLAUME FAUVEAU
Nagore Arin.
2019ko uztailaren 4a
18:26
Entzun

Uztailaren 12tik 22ra ziren egitekoak udako ikastaldia, baina antolatzaileek bertan behera uztea erabaki dute. Webgunean eman dute ikastaldia baliogabetzearen berri, "gure kontroletik kanpoko arrazoiengatik". Kazeta eta France Musique komunikabideek eman zuten salaketen berri iragan martxoan.

Ez da ezustekoa izan erabakia. Bruno Karrere kontserbatorioko presidenteak martxoan jakinarazi zuen oraindik ez zuela antolatzaileekin izenpetu lokala erabiltzeko hitzarmena; aurtengo ikastaldia jadanik kolokan zegoela iradoki zuen hala. Susmoak bete dira, eta, susmoak betetzearekin batera, baita testigantzak eman zituzten biktimen nahiak ere. 

Hiru salatzaile, antzeko bizipenak

Ikastaldia Miarritze-Euskal Kosta Musika Akademian antolatu ohi da, udaldian. Saioak Baionako musika kontserbatorioan ematen dituzte, eta hiriko apaizetxean hartzen dute ostatu ikasleek eta irakasleek. 

Mediabask hedabideak bildu zituen testigantzen arabera, salatzaileetako batek adierazi zuen 76 urteko gizonak berarekin oheratzea proposatu ziola. Beste emakume batek ere gisa horretako bizipenak kontatu zituen; ikastaldia hasi aurreko egunetan zuzendariaren hainbat mezu jaso zituela dio, telefono zein mezu bidez. Azkenik, beste emakume batek adierazi zuen bera musukatzen saiatu zela ikastaldian bertan. Hiru salatzaileen ustetan, deigarria zen gizonak adingabeekin zuen jarrera. "Haurrak besarkatzen eta laztantzen zituen emakumeen aurrean, eta egoera deserosoa pasarazi".

Oztopoak

Ez da erraza izan salaketa jartzerainoko bidea. Hiru emakumeek nabarmendu dute "oztopoak" izan dituztela salaketa jartzeko prozesuan. Igandea zela argudiatuta, Baionako Poliziak ez zien onartu salaketa hartzea, eta prokuradoreari idazteko gomendioa eman zieten komisarian.

Gainera, uztailean salaketa jarri eta zortzi hilabete geroago, emakumeetako batek Frantzia iparraldeko epaitegiaren mezua jaso zuen. Antza, desagertu egin zen ikastaldien zuzendariaren aurkako sexu jazarpenaren salaketa. Lanerako askatasuna oztopatzea eta diskriminazioa baizik ez zituen aipatzen. Segida gabeko afera gisa sailkatu zuten, argudiatuta legeak ez dituela zigortzen halako gertakariak. Mediabask hedabideari eginiko adierazpenetan, akusazioak ukatu egin zituen salatuak. "Ez naiz perbertitua, ez pederasta", nabarmendu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.