Lan mundua

LAB da Nafarroan ordezkaritza gehien handitu duen sindikatua

Imanol Karrera LABeko Nafarroako koordinatzailearen arabera, 1.018 ordezkari lortu dute, duela lau urte baino 150 gehiago, eta 2015etik ia bi puntu handitu dute ordezkaritza, %16,67raino. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiaren hitzetan, "hazkunde orekatua" izan du sindikatuak.

Garbiñe Aranburu eta Imanol Karrera, gaur, LABen Iruñeko egoitzan. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2019ko uztailaren 4a
07:18
Entzun

Balantzea egiteko garaia iritsi zaio LABi. Azken lau urteotako hauteskunde sindikalen zikloari begira, datuek joera batzuk aditzera ematen dituzte. UGT da lehen indarra, baina %27,3tik %25,4ra jaitsi du ordezkaritza; CCOOk, bigarren indar gisa, bere horretan eutsi dio %23,7ko ordezkaritzari; ELA, berriz, ia puntu bat igo da, %21,8tik %22,7ra, eta LABek 1,8 puntuko jauzia egin du, %14,8tik %16,6raino.

Gaur goizean, azken hilabeteen balantzea egin du LABek, eta, hauteskunde sindikalei begira, Imanol Karrera Nafarroako koordinatzaileak nabarmendu du mila ordezkari eta %16ko ordezkaritza lortzeko helburua bete dutela. Eskualdeka, hiru zatitan banatzen du lurraldea sindikatuak: Iruñerrian ia bi puntu handitu dute ordezkaritza, Erriberan ere antzera igo dira, eta Sakanan ordezkaritzaren %39 lortu dute.

Garbiñe Aranburuk garrantzia eman dio, batez ere, "sektore prekarizatu eta feminizatuetan" izan duten hazkundeari. Halaber, foru administrazioan lehen indarra dira oraindik, eta ikastoletan %96ko ordezkaritza dute. Viscofanen eta Kybsen izandako emaitzak ere azpimarratu ditu. Halaber, Aranburuk nabarmendu du emakume ordezkarien kopurua "gero eta handiagoa" dela.

Aranburuk salatu du Nafarroan sindikatu lana egiteko oztopoak dituztela, eta CEN patronalak presio berezia egiten diela:  "Hainbat enpresatan patronalaren presio eta mehatxuak jasaten ditugu, inolako eskrupulurik gabe. Ordezkaritzarako dugun eskubidea oztopatzen saiatzen da, eta, horretarako, sindikaturen baten laguntza izaten du", kritikatu du Aranburuk.

Adibide gisa jarri dute Corte Ingles. Imanol Karrerak gertutik ezagutu zuen hango hauteskunde prozesua. Beharrezkoa da hauteskundeetan langileek hautagaitza izenpetzea: "Sinadura bilketa hori egin behar genuen ondoko kaleetan, Corte Ingles kanpoan eginez gero nagusiek kamerekin ikusten zutelako nork sinatzen zuen". Nafarroako Gobernuari eskatu zioten hauteskunde sindikalen prozesua bermatzeko, eta enpresari ohartarazpena eginagatik, Corte Inglesek langile batzuk kaleratu ditu horregatik.

Dena den, Karreraren arabera, hauteskunde sindikalek agerian uzten dute gero eta langile gehiagok babesten dutela LABen eredu sindikala. "Urratsak egin ditugu, eta borroka eta greba eraginkorren aldeko apustuarekin jarraitzen dugu. Aurrerapausoak eman ditugu, eta pultsua berreskuratu. Gure ordezkariak eta afiliatuak borrokaren lehen lerroan dira ". Gaineratu du, halaber, "oso pozik" daudela eta gizartearen babesa handituz doala.

Jazarpenaren aurka

Horren guztiaren adibide gisa jarri dute Huerta de Peraltako borroka. "Landa eremuan urteetan izandako borrokarik handiena izan da, eta markatu dute urte politikoa, gizartearen elkartasuna piztu duelako, klase subjektuaren berrosaketan urratsak egin ditugulako eta klase harrotasun hori jarri dugulako agenda politikoan".

Horregatik, Karreraren arabera, "hautu politiko" bat izan da Huerta de Peraltako gatazkaren aurka Foruzaingoak jarri dituen salaketak eta ireki diren hiru auzi judizialak. “Lan gatazkan akordioa lortu dugu enpresarekin, baina erabaki politikoa dago atzean hori zigor arlora eramateko”

Sektore prekarioen egoera salatzeko, Piztu Alarma dinamika sortu du LABek. “Etengabeko birpentsatze ariketa bat egin behar dugu, geroz eta langile gehiago, ohiko sindikatuetatik kanpo baitaude prekaritatearen ondorioz”, dio Aranburuk. Haren hitzetan, errealitate horri aurre egiteko ariketa moduko bat da Piztu Alarma. “Glovo eta horrelako enpresetan banatzaile gisa aritzen direnak autonomo faltsuak dira, eta sei langiletik beherako ostalaritza enpresetan, berriz, ez dago sindikatuen ordezkaritza izateko aukerarik. Piztu Alarma bada modu bat sindikatuen babesa jartzeko beraien zerbitzura”.

Egoera politikoaz

Oraintxe, ez dago argi zer gertatuko den Nafarroako Gobernuarekin. Azken lau urteei begira, LABk “dialektika eraikitzailea” izan du; egin diren urratsei “balioa eman” die, eta beste erabaki batzuk kritikatu ditu. Legealdi honetan, egiturazko bi arazo sumatu dituzte: Madrilen hartzen direla erabaki politiko nagusiak, eta patronalak politika ekonomikoetan eragiteko ahalmena izan duela.

Negoziazio prozesuari begira, PSN bultzatzen ari den “bazterketa politika” kritikatu du, eta jokabide horri sostengua ematea leporatu die Geroa Bairi, Ahal Dugu-ri eta Ezkerrari.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.