Migrazioa

Beste 65 migratzaile erreskatatu ditu 'Alan Kurdi' ontziak Libiako kostaren parean

Sea-Eye GKEak adierazi du erreskatearen berri eman diela Libiari, Italiari, Maltari eta Alemaniari.

'Alan Kurdi' ontziaren gaurko erreskateko irudia. FABIAN HEINZ / SEA-EYE HANDOUT
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko uztailaren 5a
16:33
Entzun

Goizean jakin da Mediterranea GKEak 54 migratzaile erreskatatu dituela Erdialdeko Mediterraneoan, Libiako kostaren parean. Handik ordu gutxira, beste 65 migratzaile erreskatatu dituela jakinarazi du Sea-Eye GKEak. Libiatik 35 miliatara, txalupa pneumatiko bat atzeman du uretan, 06:00 aldera. Txalupa ihesean hasi da, GKEaren Alan Kurdi ontzia ikusi duenean, Libiako guardazainen ontzia zelakoan.

Erakundeak adierazi du Tripoliri, Erromari, Valletari eta Bremeni (Alemania) eman diela erreskatearen berri, 08:00 inguruan.

Migratzaileen txalupa atzo itsasoratu zen, eta GPSrik gabe zihoan. Barruan edateko hamar litro ur soilik zituzten. "GPSrik gabeko sakelakorik gabe edo nabigazio ezagutza oinarrizkorik gabe, gazte horiek ziurrenik ez ziren inora iritsiko, eta desagertu egingo ziren", adierazi du Gordon Isler Alan Kurdi ontziko operazioburuak. Ontzia 2018 amaieratik ari da Mediterraneoan erreskate lanetan. 2015ean Turkiako uretan itota agertu zen umearengatik jarri zioten ontziari Alan Kurdi izena.

Ordu batzuk lehenago, 04:00 aldera, Mediterranea erakundeko Alex ontziak jakinarazi du 54 migratzaile erreskatatu dituela nazioarteko uretan, Libiako kostaren parean. Horietatik zortzi haurrak dira, eta hiru, berriz, haurdunaldian nahiko aurreratuta dauden emakumeak. Lampedusa uhartetik 12 miliara zegoela eman du abisu, eta han porturatzeko baimena eskatu du. Italiak, ordea, debekatu egin dio bere uretan sartzea, berriki onartu duen segurtasun dekretua oinarri hartuta.

GKEak azaldu du Malta prest agertu dela ontzia hartzeko, baina elkarteak bere Twitter kontuan adierazi duenez, ezinezkoa zaio Maltarainoko bidea egitea, "ontziaren ezaugarri fisikoak eta barruan dauden pertsonen egoera psikofisikoa" direla eta. Aldiz, prest agertu dira Maltako ontziek edo Kostako Guardia italiarrak migratzaileak lehorrera eramateko.

Maltako Gobernuaren arabera, herrialdeko armada arduratuko da migratzaileak uhartera lekualdatzeaz. Mediterraneak, ordea, adierazi du ez zaiola halakorik jakinarazi, eta Italiak ere ez du informazioa baieztatu.

Mateo Salvini Italiako Barne ministroak Alex ontziari ohartarazi dio Italiako uretan sartuko balitz "desobedientzia" kasu "larria" litzatekeela, eta nabarmendu du Maltak portu seguru bat eskaini duela dagoeneko. "Nahikoa da, lagunok. Malta baztertzen baduzue, orduan argia da pirateria ekintza bat dela, kasu honetan ez baikara Libiaz ari".

Open Arms GKEaren laguntza izan zuen atzo Mediterraneak 54 migratzaileen erreskate lanetan.

Duela hiru aste, Mediterraneoan noraezean zeuden 53 migratzaile jaso zituen Sea Watch 3 erreskateontziak, eta, haietako 11 kostazainen esku utzi ostean, Lampedusan porturatzeko zain egon zen bi astez. Tarte hori igarota, ordea, erantzuna ezezkoa zela ikusita, eta migratzaileen egoera "larria" medio, Lampedusan baimenik gabe porturatzea erabaki zuen Carola Rackete ontziko kapitainak. Italiako Barne ministro Matteo Salvinik hura atxilotzeko agindua eman zuen. Asteazkenean, baina, Alessandra Vella epaileak atzera bota zuen atxilotze agindua, eta kapitaina aske uzteko agindu zuen. Kapitaina kanporatzeko prozedura hasi duela jakinarazi du Italiako Gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.