EuskarAbentura

Nafarroa Beheretik Nafarroa Garaira, aurrera doa EuskarAbentura

Zuberoa eta Nafarroa Behereko hiru etapak gaindituta, EuskarAbentura gaur sartuko da Nafarroa Garaian, 46 kilometro bizkarrean. Bidaiaren nondik norakoak BERRIAko blogean irakur daitezke, Ane Insausti kazetariaren eskutik.

EuskarAbenturako jzioquitarrak, bidean barrena. EUSKARABENTURA 2019
Nagore Arin.
2019ko uztailaren 5a
16:28
Entzun

Ibañetako portuan gora eta behera, Auritz izango da jzioquitarren hurrengo geldilekua. Autobusez helduko dira, eta, han, Orreagako kolegiata bisitatuko dute, Asisko Urmeneta ilustratzailearekin batera. Ostean, bueltako bidea egingo dute Auritzera, Sorginaritzagako basoan barrena, ibaiko zaborra jasotzeko auzolana egiteko. Euskara zabaldu eta euskal kultura eta historia ezagutzearekin bat, espedizioan pisu handia duen gaia da zaborra ere. Kudeaketaren inguruan hausnartu, eta egunero sortutako zaborra neurtzen ari da taldea. Oraingoz, honako hauek dira lehen lau egunetako datuak: 121 kg hondakin organiko, 26 kg ontzi, 30 kg paper eta kartoi, eta 10 kg errefus; 187 kg orotara, beraz.

Bihar, bideari berrekingo diote, Zubiri helmuga. Han, orientazio tailerrak egingo dituzte; eguzkia, haizea, bidea… irakurtzen ikasteko asmoz. Igandean, berriz, Zubiri-Iruñea Belaunaldi Arteko Eguna ospatuko dute, bi edizioetako gazteek elkar ezagutu eta eguna elkarrekin igarotzeko. Gainera, gertu-gertutik bizi izango dituzte sanferminak, eguna Iruñean pasako baitute. Astea indarrez hasteko, Gares izango da asteleheneko topaleku. Han, Nafarroa Garaiko errealitate soziolinguistikoaren inguruan hausnartuko dute, Koldo Colomo Garesko euskara teknikaria hizlari. Uztailaren 10ean, berriz, Vianara egingo dute salto. Han, zurrumurruen kontrako estrategiak landuko dituzte, arrazakeriari aurre egiteko.

Belaunaldien arteko zubiak

2018ko eta 2019ko jzioquitarrek bat egingo dute Belaunaldi Arteko Egunetan. Uztailaren 7an eta uztailaren 24an ospatuko dituzte, belaunaldien arteko zubiak eraiki eta euren arteko harremanak saretzeko asmoz. Izan ere, horixe da EuskarAbentura egitasmoaren beste helbururik garrantzitsuenetako bat, "neska-mutil euskaldunen sare berri bat sortu eta elikatzea".

Nafarroan eta Gipuzkoan ospatuko dira, hurrenez hurren. Egun horietan, 2018ko udan EuskarAbenturan parte hartu zuten gazteek 2019ko abenturara batzeko aukera izango dute, "etapa bat elkarrekin osatu eta eguna ere lagunartean igarotzeko". Antolatzaileen esanetan, aukera ederra elkar harilkatzeko eta sarea sendotzeko.

Orain artekoak

Ipar Euskal Herrian egin zituzten espedizioaren lehen urratsak. Hilaren hasieran Mauleko Jai Alaira heldu, eta, espedizioaren oinarriak
azalduta, herria bisitatu eta Mitxel Etxebest auzapezak harrera egin zion espedizioari. Pagola herrian igaro zuten bigarren gaua, Zuberoa eta Nafarroa Behere arteko mugan. Han, espedizioan zehar garatuko dituzten erronkak aukeratu zituzten jzioquitarrek.

Gaua dantzan eta lagun giroan amaitu ostean, Jutsira abiatu ziren hilaren 3an. Han, barnealdean bizi eta lan egiten duten hainbat lagunekin solastatzeko aukera izan zuten gazteek. Donibane Garazi artekoa izan zen Ipar Euskal Herriko azken etapa, orain arteko luzeena. Han, Xan Aire Seaskako hizkuntza politika arduradunaren eta Garaziko Gaztetxeko gazteen konpainian ibili ziren. Bizilagunekin, dendariekin eta bisitariekin hitz egiteko gonbidapena egin zien Airek, eta lehen hitza euskaraz egitera animatu zituen, jendearen erantzunetatik abiatuta hausnarketa egiteko.

Orain, Nafarro Beheretik Nafarroa Garaira egingo dute salto, esperientzia berrien bila. Bidaiaren nondik norakoak eta egunez eguneko kontakizunak, BERRIAko blogean, bidaian orpoz orpo dabilen Ane Insausti kazetariaren eskutik.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.