Lan istripuak

Tubacex enpresan atzo izandako heriotza salatu dute langileek

25 urteko behargin bat hil zen, makina baten pieza bat gainera erorita. Laudioko eta Amurrioko lantegiak itxi egin dituzte lan istripua gaitzesteko.

Langileen protesta, gaur, Laudion. LUIS JAUREGIALTZO/FOKU
aitor biain
2019ko uztailaren 5a
09:21
Entzun

Tubacex enpresan atzo izandako heriotza salatu dute goizean Laudion (Araba). Enpresako komiteak deituta, elkarretaratzea egin dute: lantegiaren aurrean lehenengo, eta, manifestazioa ondoren, herriko plazaraino joanda. Langileek salatu dute prekaritatearen ondorioz hil dela gaztea, eta enpresako zuzendaritzari egotzi diote heriotzaren erantzukizuna. Fabrikaren Laudioko eta Amurrioko lantegiak itxi egin dituzte lan istripua gaitzesteko. Sindikatu nagusien babesa izan dute protestan. 

Praktiketan ari zen behargin bat hil zen atzo Tubacex fabrikan. Laudiokoa zen, eta 25 urte zituen. Ikasketa duala egiten ari zen, hau da, aldi berean uztartzen ari zen lana eta lanbide heziketa. Lanean ari zela, makina baten pieza bat erori zitzaion gainera. Bi urte zeramatzan enpresan, mantentze lanetan, iturri sindikalen arabera.

ELAk gogoratu du aurten dagoeneko 26 pertsona hil direla lanean Hego Euskal Herrian, horietatik hiru Araban. Langilearen senitartekoei doluminak eman dizkie, eta haiek istripua ikertzea eta gertatutakoaren arrazoiak eta erantzukizunak argitzea galdegin dute. Prekaritatea amaitzea eskatu du sindikatuak.

Era berean, LABek salatu du beharginak ezin zuela bakarrik jardun “esperientzia txikia” zuelako. Sindikatuak adierazi du heriotza ezin zaiola “doan atera” enpresaren zuzendaritzari, eta “neurri eraginkorrak” galdegin ditu. Etxera “bizirik eta onik” itzultzeko eskubidea aldarrikatu du, halaber.

UGTk ere gertatutakoa “sakon ikertzeko” eskatu du, eta adierazi du langile gazteek “babes berezia” behar dutela esperientzia txikia dutelako. Hain zuzen ere, gogorarazi du hala jasotzen duela Laneko Arriskuen Prebentzioari Buruzko Legeak.

Ernaik ohar bidez salatu du prekaritatearen ondoriozko heriotzek ez dutela etenik eskualdean. Gogora ekarri du iaz Orozkon bi langile zendu zirela, eta beste behargin bat duela bi urte. Tubacex enpresan 10 urtean lau behargin hil direla ohartarazi du.

Eusko Jaurlaritzak, bestalde, adierazi du gertatutako ikertzen ari dela Osalan. Maria Jesus San Jose lan sailburuak doluminak eman dizkie hildako beharginaren familiari eta senitartekoei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.