Euskara

Lau udalek hizkuntza eskubideak urratzea egotzi diote Osakidetzari

Salatu dute euskaraz ez dakien sendagile bat kontratatu duela Aizarnazabal, Getaria, Zestoa eta Zumaiarako, udalerri horien errealitate linguistikoa kontuan izan gabe.

Sendagileekin euskaraz aritzeko Osakidetzaren kanpaina bat. JON URBE (FOKU)
2019ko uztailaren 5a
16:25
Entzun

Gipuzkoako lau udalerritako —Aizarnazabalgo, Getariako, Zestoako eta Zumaiako— udalek eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak salatu dute Osakidetzak euskaraz ez dakien sendagile bat jarri duela lanean lau herri horietako osasun etxeetan. Horrekin batera, eskatu dute lanpostu hori mediku euskaldun batekin betetzeko.

Azaldu dutenez, Osakidetzak euskaraz ez dakien pertsona bat kontratatu du urtebetez, egonkor eta malgua motako kontratuarekin, eta gero kontratu hori luzatzeko aukerarekin. Kontratazio hori ez da lanpostu jakin bat ordezkatzeko; beraz, ez zaio hizkuntza baldintzarik ezartzen. Jokaera hori "benetan larria" iruditu zaie erakundeei, udalerri horien errealitate linguistikoa kontuan izanda "behar-beharrezkoa" delako profesional euskaldunak bermatzea.

Aizarnazabal, Getaria, Zestoa eta Zumaia Uemako kide dira: herritarren %80 baino gehiago euskaldunak dira udalerri horietan. Euskararen arnasguneak dira, beraz; "euskara eroso sentitzen den eremua, eta herritarrek normaltasun osoz erabiltzen dutena".

Gutuna lau herri horietako alkateek eta Uemako lehendakari Josu Labakak sinatu dute, eta Osakidetzako arduradunei eta giza baliabideetako zuzendariei bidali diete. Azpimarratu dute hizkuntzak eta osasungintzaren kalitateak lotura zuzena dutela, eta legez ere aitortua dagoela hori, 67/2003 dekretuaren bidez.

Herritarrak zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko duten eskubidean oinarritu dira eskaera egiteko: "Jakin badakigu arazoak izaten direla langile euskaldunak aurkitzeko, baina sendagile elebakarrek ez dituzte herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen. Herritarrek helarazitako kexa da honako hau, ezin direlako sendagilearekin eroso sentitzen diren hizkuntzan komunikatu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.