Sanferminak

Iruñeko hainbat zinegotziri indarrez eragotzi diete balkoira ikurrina ateratzea

Pamplonesa musika bandako zuzendari Jesus Garisoainek bota du txupinazoa. Plazan, berriz, ikurrina eta Nafarroako bandera handi bat atera dituzte, debekuei aurre eginez.

jarraia168549.jpg
arantxa elizegi egilegor
2019ko uztailaren 6a
07:24
Entzun

Aurrez iragarria zuen Enrique Maia alkateak tamaina handiko oihal eta banderak debekatuta egongo zirela Udaletxe plazan txupinazoan. Erabaki horren aurka, eta Iruñeko aniztasuna aldarrikatzeko asmoz, kalejira antolatu dute hainbat eragilek Gure ikurren alde lelopean; hain zuzen ere, jaien hasierako suziria bota baino ordu erdi lehenagorako.

Horiek hala, tentsioa nabaria izan da plazan txupinazoaren aurreko minutuetan. Udaletxe plazaren inguruko eraikinen gainean foruzainak ikus zitezkeen, nonahi, bandera eta oihal debekatuen bila; ziurrenik, 2013ko sanferminetako arrantzale bizardunak gogoan. Horrez gain, Espainiako Poliziaren ibilgailu ugari ikus zitezkeen inguruko kaleetan ere.

Segurtasun indar horien ondorioak jasan dituzten lehenak izan dira kalejirako parte hartzaileak. Izan ere, foruzainek 150 ikurrina txiki atzeman dizkiete. Hainbatek salatu dute Maia alkateak ez duela emandako hitza bete; besteak beste, baita Joseba Asiron EH Bilduko alkate ohiak ere. Aurreko lau urteetan, elkarbizitzaren alde egindako lana alferrik galdu izana egotzi dio Asironek Navarra Sumari: "Amarruak dira; hauek ez dute ikurrina ikusi nahi ez udalean eta ez kalean, eta, horretarako, dena da libre".

Minutuek aurrera egin ahala, tentsioa ere handituz joan da plazan ere. Txupinazorako ordu erdi inguru falta zenean presoen aldeko kartel handi bat atera dute plazaren erdira, eta, jarraian, inguruko arkupeetan dagoen lokal batetik bi bandera ateratzen ahalegindu dira. Hasieran, zibil jantzitako segurtasun indarrek kolpeka erantzun diete, baina, azkenean, herritarrek giza kate bat osatu dute, eta ikurrina bat eta Nafarroako bandera bat atera dituzte plazara.

Kalean ez ezik, udaletxeko balkoi nagusiaren aldamenean ere ahalegindu dira urteroko ikurrina ateratzen, baina Foruzaingoak eragotzi die. Asironek berak eta Itziar Gomez Geroa Bai-ko zinegotziak salatu dute gertatutakoa, eta gogorarazi dute 1977tik ateratzen dutela zinegotziek ikurrina balkoi horretara.

[youtube]https://youtu.be/-6awzzvCzPA[/youtube]

Maiak, ordea, "araudia urratzea" eta "jai giroa zapuzten" ahalegintzea egotzi die zinegotziei. Alkateak gogorarazi du ikurrina ez dela ofiziala Nafarroan eta, beraz, ezin duela udalean egon. "Badaude ikur batzuk ofizialak direnak eta hor egon behar dutenak. Euskaldun sentitzen direnak Nafarroako banderarekin ordezkatuak daude; Ikurrina inposatu nahi dutenak Nafarroa Euskadiren barruan egotea nahi dutenak dira".

UPNkoak soilik balkoian

Asironek azaldu duenez, iritsi berritan ohartu dira zinegotzien balkoian soilik zeudela foruzainak uniforme jantzian, eta galdetu ere egin omen diete zergatik zeuden han, baina ez ei dute erantzunik jaso. "Gu zertan ari ginen begiratzen zuten etengabe. Aldiz, UPNko bi zinegotziak arazorik gabe irten dira balkoira".

Geroa Bai eta EH Bildukoen kasuan, ordea, foruzainek ikusi dutenean zinegotzietako batek ikurrina bat ateratzeko asmoa zuela, indarrez eta bultzaka sarrarazi ditu berriz udaletxe barrura. "Une gogorrak eta tristeak" izan direla salatu du Gomezek. "Lotsagarria eta kezkagarria da zinegotziok jasotako tratua. Dena den, badakit foruzainsk aginduak betetzen ari direla. Kezkagarria da Navarra Sumak hiri honetan inposatu nahi duen ikuspegi bakarra".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.