AEB 2 - 0 Herbehereak

Laugarrenez txapeldun

AEBek irabazi dute Munduko Kopa, Herbehereak 2-0 mendean hartuta. Rapinoek penaltiz eta Lavallek sartu dituzte gola

AEBetako jokalari bat lehen gola ospatzen. IAN LANGSDOM, EFE
ainara arratibel gascon
2019ko uztailaren 7a
10:12
Entzun

AEBak dira Frantzian eta Bretainian jokatutako Munduko Kopako txapeldunak. Faborito ziren, eta ez dute huts egin. Laugarrenez altxa dute titulua, Herbehereei 2-0 irabazi eta gero. Azken ordu erdian erabaki da finala. Hor iritsi dira partidako gola. Rapinoek penaltiz (60. min.) eta Rose Lavallek area kanpotik egindako jaurtiketa batekin egin dituzte golak. Herbehereek lehen finala zuten, eta ezin izan dute garaipena lortu. Defentsan ondo aritu dira, baina erasoan kamuts.

Parekatua izan da lehen zatia. Herbehereek hobeto hasi dute neurketa, eta jokoaren ekimena izaten saiatu dira. Txapelketan lehen aldiz AEBek ez dute gola egin partidako lehen ordu laurdenean. 20. minututik aurrera AEBetako jokalaria estutzen hasi dira, presio handiagoa eginez. Hala, baloia berreskuratu, eta zelai erditik aurrera dituen jokalarien abiadura baliatuz, Sari van Veenendaal atezainaren ingurura gerturatzen hasi da. Hor ailegatu dira lehen zatiko bi aukera arriskutsuenak, ia erreskadan. Lehena 36. minutuan, Alex Morganek area ertzean egindako erremate bate ostean, eta bigarrena Samantha Mewisek area txikian egindako jaurtiketa bat eta gero. Bi kasuetan Megan Rapinoek eman die pasea. Baina Van Veenendaalek gelditu onak egin ditu. Bera izan da lehen zatiko jokalari onena, txapelketan zehar erakutsi duen mailari eutsiz.

Hala amaitu da lehen zatia. Bigarrenean, AEBak estutzen hasi dira. Lehen zatian hartutako kolpe baten erruz Kelley O’Hara galdu du, hutsune garrantzitsua hegaletik jokoari sakontasuna emate aldera. Herbehereak serio aritu dira defentsan. AEBak argitasunik gabe ari ziren. Baina alboko sake baten ostean, Stefanie van der Gragtek bultzakada eman dio arean Morgani, eta VARean begiratu eta geratu eta gero epaileak penaltia adierazi du. Rapinoek dotore jaurti du, eta aurretik jarri du Jill Ellisek zuzentzen duen selekzioa (60.min). Hurrengo hamar minutuan azeleragailua zapaldu du, eta lehia erabakita utzi du. Rose Lavellek egin du lehiako bigarren gola, 69. Minutuan. Ezkerrez erremate ona egin du area kanpotik, eta ondo gurutzatu du baloia. Hirugarrena ere gertu izan du Morganek, baina ez du asmatu.

2-0koarekin Herbehereek maldan gora zuten finala. Arriskatu beharra zuten. Shanice van De Sanden zelairatu da, pizgarri izan nahirik. Baina ez da hala izan Vivianne Miedema baino ez da saiatu bakarkako jokaldien bidez gola egiten. Hori izan da Herbeheren baliabide bakarra, eta talde jokorik gabe zaila da. AEBak berriz eroso aritu dira azken minutuak jokatzen, kontraerasoan hirugarrena egiten saiatuz. Baina ez du lortu, eta hala amaitu da finala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.