Gorpuzki ugari, itsasontzi hondoratu bat eta Irlandako Gosete Handia

1847. urtean hondoratu zen itsasontzi bateko 21 bidaiariren gorpuzkiak aurkitu dituzte Quebecen, erreserba natural batean. XIX. mendearen amaieran Kanadara migratu zuten irlandar batzuk ziren, Irlandako Gosete Handiaren eraginez hara joanak.

Gorpuzkinak aurkitu dituzten hondartza, Rosales, Quebec. DENNIS JARVIS / CREATIVE COMMONS LIZENTZIA: AITORTU, PARTEKATUBERDIN
Nagore Arin.
2019ko uztailaren 8a
10:15
Entzun

Susmoak susmo, probableena frogatu dute adituek. 1847. urtean, Carricks itsasontzia hondoratu, eta, ezbehar hark eraginda hil ziren 21 bidaiarirenak dira Rosales hondartzan aurkitu dituzten gorpuzkiak, Quebecen, Kanadako kosta atlantikoan. 2011n eta 2016an aurkitu zituzten; hiru 2011n eta hemezortzi 2016an. Itsasontzia, Irlandako Sligo portutik abiatu zen 1847an, Quebec helmuga. Bidaiaren sakonean, milaka eta milaka irlandarren migrazioa eragin zuen Irlandako Gosete Handiak. Gertaera mugarri hark, milioi bat irlandar baino gehiagoren heriotza eragin zuen, 1845 eta 1849 urteen artean.

"Gorpuzkiak aurkitu diren lekuak, hauek antolatuta zeuden moduak eta Montrealgo Unibertsitateak eginiko analisiek, ondorio honetara garamatzate", dio Parks Canada agentzia federalaren adierazpenak. 2011n, Rosales hondartzako itsasertza astindu zuen ekaitza bortitz batek. Eguraldi zakarraren ondorioz, hiru adingaberen gorpuzkiak atera ziren lurpetik. 2016an, koordenatu berdinen inguruan lan arkeologiko batzuk egitean, beste 18 pertsonen hezurdurak topatu zituzten; emakumeenak eta haurrenak gehienak.

Ezinbestekoa izan da laborategian egin den lana. "Hezur analisiek baieztatu egin dute itsasoan galdutako irlandarren arrastoak direla aurkitutako gorpuzkiak. Norbanako hauen dietak nagusiki patata jaten duen herrialde bateko elikaduraren parekoak ziren. Hain justu, XIX. mende hasieran irlandarrek egiten zuten dieta berbera", nabarmendu du Parks Canada agentziak. "Era berean, pertsona hauek patologiak sufritzen zituztela ere ondorioztatu da, seguruenik desnutrizioak eraginda".

Susmoak argituta, ostegunean egin zen 21 bidaiarien hezurren ehorzketa. Zeremonia hunkigarria izan zen, 1900. urtean ezbehar hartan hildako irlandarrak oroitzeko eraiki zen monumentuaren inguruan. 

Carricks, ezbehar baten kontakizuna

187 bidaiari zeramatzan Carricks itsasontziak. 48 lagun atera ziren bizirik. Horietako batzuk, inguruko herrietan bizitzen jartzea erabaki zuten. Viveka Melki kanadarrak 2017an estreinatu zuen Carricks dokumentala, XIX. mendeko ezbeharra mintzagai duen kontakizuna. Lana burutzeko, itsasontzi horretako bidaiarien ondorengoekin hitz egin zuen Melkik. "Jakinaren gainean zeuden. Gertaerak generazioz generazio iraun du bizirik", adierazi zuen The Canadian Press hedabidean argitaratutako elkarrizketa batean.

Halaber, apaiz batek ezbeharraren inguruan idatzitako testigantza ere topatu zuen Melkik. Lekukotza hark gorpuzkiak agertu diren hondartzan egin zen hobi komun bati buruz hitz egiten du, baita inguru horretan barreiatutako hilotz ugariri buruz ere. Autoritate federalek ere jaso izan dituzte gertakariaren inguruko istorioak eta hondartza horretan burututako ehorzketak aipatzen dituzten dokumentuak.

Irlandako Gosete Handia

XIX. mendearen amaieran hasi zen migrazioaren olatua, Irlandako Gosete Handia izenez ezaguna den goseteak eraginda. 1845 eta 1849 urteen artean, hainbat baldintza kaskarrengatik gertaturiko gosetea izan zen. Baldintza horien artean nagusia, garai hartan herrialdeko jaki nagusi izanaren eskasia, patatarena, hain zuzen. Phytophthora infestans izeneko Chromalveolataren izurritea izan zen eskasiaren arrazoi nagusia, eta izugarrizko kaltea eragin zion patataren ekoizpenari. Irlandako historia zeharo markatu zuen gertakari mugarria izan zen. Uhartearen demografia, kultura eta politika aldatu zituen, eta hainbat mugimendu sozialen jaiotza ahalbidetu. 

Milioi bat herritarrek Irlandatik alde egitea erabaki zuten, arazoei aurre egin eta aukera berrien bila. Horietako asko, gaur egun Kanada gisa ezagutzen den lurraldera joan ziren, 600.000 inguru. Asko, Estatu Batuetara joan ziren ondoren. 2016ko zentsuaren arabera, kanadiarren %13ak ditu arbaso irlandarrak, 4.600.000 herritar inguruk gutxi gorabehera. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.