Musika

Claudio Jr. De Rosa 4et taldeak irabazi du Getxoko Jazzaldiaren banda lehiaketa

Szymon Klekowicki Sextet taldeak eraman du bigarren saria eta Xavi Torres pianista izendatu dute bakarlari onena

Claudio Jr. De Rosa 4et taldea, Getxoko Jazzaldian. P. URRESTI / GETXOKO JAZZALDIA
2019ko uztailaren 8a
14:31
Entzun

Claudio Jr de Rosa (1992), saxofonista, klarinerista, moldatzaile eta konpositorea da. Europako jazzean ezaguna bihurtzen ari da, eta oihartzun gehien duten Italiako hamar jazz musikarien zerrendan dago. 2016an osatu zuen bere taldea, Mauro Cottone kontrabaxu jotzailearekin, Augustas Baronas bateria jotzailearen eta Xavi Torres pianistarekin batera. Azken hori, jaialdiko bakarlari onena izendatu dute. 2017an plazaratu zuten lehen lana, Groovin´ Up! izenarekin, eta geroztik Europako hainbat jaialditan aritu dira.

Szymon Klekowicki musikari eta konpositore poloniarraren taldeak irabazi du bigarren saria. Musikariak Katowiceko (Polonia) Jazz eta Herri Musikaren fakultatean ikasi  eta berehala nabarmendu zen oholtzaren gainean. Jazzean erreferente diren Jason Moran, Nasheet Waits eta Jamie Cullumekin jardun du, eta hainbat jazz jaialditan ere parte hartu du. 2018an sortu zuen taldea, eta aurten atera dute lehen diskoa, A Day in the Bus. Honako hauek osatzen dute seikotea: Szymon Klekowicki (tronboia, tuba eta fliskornoa), Jakub Lepa (saxofoi altua), Marcin Dabrowski (saxofoi tenorra), Adam Jarzmik (pianoa), Tymon Trabczyinski (kontrabaxua) eta Piotr Budniak (bateria).

Marc Martin Trio hirukote katalanak irabazi du publikoaren saria, eta taldeko burua izan da musikaririk onena zaleen iritziz.

Sariak

Talde Lehiaketaren irabazleek 4.300 euroko saria irabazteaz gain, CD bat zuzenean grabatzeko aukera izango dute. Gainera, B- Jazz (Belgika) eta Eivissako Jazzaldietan (Herrialde Katalanak) ere parte hartuko dute garaileek. Bigarren talde onenak 1.800 euro eskuratuko ditu, eta bakarlari onenaren sariari 900 euro dagozkio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.