Sindikalgintza

LABek "mobilizazio orokorragoak" egingo ditu datorren ikasturtean

Udazken beroa izango dela aurreratu du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak. Pentsiodunek azaroaren 14an egingo duten lau orduko lanuzteei buruz hitz egiten ari dela esan du, euren borrokarekin bat egiten dutela nabarmenduz.

jarraia168609.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko uztailaren 8a
07:31
Entzun

LABek lan gatazken ildoa sustatzen jarraitzen du. Baieztapen hori egin daiteke amaitu berri den ikasturteko datuei begiratuz gero. 133 borroka piztu dituzte euren parte hartzearekin —aurreko ikasturtean 120 izan ziren—, eta borroka horietatik %66etan grebak eta lanuzteak egin dituzte langileek. Horrek bere eragina izan duela ere azpimarratu dute sindikatutik, lan gatazkek %19 gora egin duten era berean, sinatutako lan itunen kopurua ere %14 handitu baita. “Horrek erakusten du gatazkak dauden eremuetan lan baldintza hobeak lortzen direla”, esan du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak.

Irailean hasiko den ikasturte berrian lehengo lepotik burua izango duela azaldu du, eta udazken beroa aurreikusi du Aranburuk. Areago, aliantzak bultzatzeko ahalegina egingo dute. “Borrokak ez dira isolatuak, prekaritate egoera bati erantzuten diote, eta sistema honi alternatiba bat eman behar bazaio urrats berriak eman behar dira”. Horregatik, gainerako eragile sozial eta sindikalekin elkarlana sustatzen saiatuko direla esan du.

Amaitu berri den ikasturtean mobilizazio sozialek indarra hartu dute, besteak beste borroka feministak eta pentsiodunenak. Azken horiek irailetik aurrera mobilizazioak areagotuko dituztela esan dute, eta azaroaren 14an lau orduko lanuztea egitea proposatuko die sindikatuei. Aranburuk onartu du mugimenduko kideekin hitz egiten ari direla, eta euren aldarrikapenak beraienak direla.

Ez du ezer baieztatu, baina mobilizazio orokorragoak egin beharko direla azaldu du era berean idazkari nagusiak. “Deialdi orokorragoek lagunduko dute lantokietako borrokak sustatzen eta sistema justuago bat sortzen”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.