Ondorioak

Uholdeek gazte baten heriotza eta kalte material handiak eragin dituzte

Gidari baten gorpua aurkitu dute Ezporogin, Moriones aldean. Larrialdietara deitu zuen gazteak, autoan harrapatuta zegoela jakinarazteko. Autotik ehun bat metrora aurkitu dute gorpua. Gaur goizean erreskatatu dute, helikoptero bidez.

2019ko uztailaren 9a
07:08
Entzun

Euriteek eta uholdeek desmasia handiak eragin dituzte azken orduetan Nafarroa erdialdean, batez ere Tafalla eta Puiu aldean. Astelehen arratsaldean lainoek beren zama guztia hustu dute Tafalla inguruko herrietan; minutu gutxian euri jasa handiak bota ditu —100 litro metro koadroko, ordu gutxian—. Zidakos eta Sansoain ibaiek gainezka egin dute berehala, eta kalte handiak eragin dituzte; larriena, gazte baten heriotza.

Urak hainbat auto ibili ditu arrastaka, eta hildakoa auto horietako batean zegoen euri jasa hasi zenean. 20:30ak aldera deitu zuen larrialdietara, bere autoa urak zeramala eta barruan harrapatuta zegoela jakinarazteko. Ezporogin izan zen, Moriones aldean. Foruzainak gerturatu zen 25 urteko gazteak deia egin zuen tokira, baina beranduegi zen iritsi zirenerako. Ehun bat metrotara aurkitu dute bere gorpua. Antza, autotik irtetea lortu zuen gazteak, baina uraren indarrak eraman eta hil egin zen. Jakinarazi dutenez, foruzainek ezin izan zuten lehenago joan, inguru horretan pilatuta zegoen ur kantitatea oso handia zelako. Gaur goizean erreskatatu dute gorpua, helikoptero bidez.

[youtube]https://youtu.be/wo8Cq9lnW0I[/youtube]

Egoera egonkortu arte etxetik ez ateratzeko eskatu zuten astelehen gauean larrialdi zerbitzuek. Tafallako estazio meteorologikoak 1991n jarri zutenetik neurtu duen euri jasarik handiena izan da atzokoa. Handik ez oso urrun, Getadarreko estazioak metro koadroko 159 litro neurtu ditu, Orbaibar aldean.

Kontuak egiteko balio du datu honek: 17:40 zirela, 0,11 metroko altuera zuen Zidakos ibaiak, eta, gauerdian, 5,75 metroko altuera hartua zuen. Nafarroako Gobernuak uholde eta larrialdi plana indarrean jarri du astelehen gauean. Alerta laranja emana zuten arratsalderako, baina alerta horri lotuta espero zen ur kantitatea —40 bat litro metro koadroko— hirukoiztu egin da leku batzuetan, hiru orduko tartean.

Astelehen gauerdian, Nafarroako Gobernuak ohar bat zabaldu du, egoeraren berri emateko. Jakinarazi du ibilgailuen barruan sartuta zeuden pertsona batzuk atera dituztela. Kalte materialak, aldiz, "oso handiak" direla aurreratu du. Eskura izan dituzten larrialdi zerbitzu gehienak jarri dituzte lanean: Tafallako, Cordovillako, Azkoiengo, Lodosako, Zangozako, Lizarrako eta Tuterako suhiltzaileak, foruzainak, udaltzainak, Gurutze Gorriko eta DYAko boluntarioak...

[youtube]https://youtu.be/4J_snXUw8m4[/youtube]

Bideak blokeatuta; ibilgailuak, AP-15etik

Tafalla iparraldeko eta hegoaldeko sarrera-irteerak itxi egin zituzten astelehen iluntzean. Trafiko etenak daude AP-15 autobidean, Tafalla parean. Horrez gain, bigarren mailako hainbat errepide itxita daude: Erriberri eta Beire arteko bidea, Erriberri eta San Martin Unx artekoa, eta Pitillasetik eta Santakaratik N-121era doazenak. Puiu aldean, Tafalla ondoan, Zidakos ibaia N-121 errepidearen gainetik pasatu da, eta txikituta utzi du errepidearen zola. Herri horretan, itxita dago Lergako gainerako bidea ere. Astelehenean AP-15 autobidetik desbideratu dituzte ibilgailuak. Horrez gain, tren zerbitzua eten behar izan dute astelehenean.

Gipuzkoa ekialdean eta Nafarroan arratsaldean hasi dira ekaitz indartsuak. Zidakos ibaia itsaso bihurtu da Tafallan, eta aurrean eraman ditu dozenaka ibilgailu, jostailuzkoak balira bezala. Lantoki askotan ere sartu da ura. Lekuko batzuek zabaldutako bideoetan, Mercadonako supermerkatua ikusten da, urez inguratua; barrura ere sartu da, eta txikizioa eragin du. Gauza bera gertatu da beste supermerkatu batzuetan ere, Eroskin eta Lidl-en esaterako. Lekuko batzuen arabera, supermerkatuko langileak eta bezeroak teilatura igo dira, laguntza eske. Dozenaka etxetan, garajetan, lokaletan eta komertziotan sartu da ura; baita kiroldegian ere. Fagor Ederlan enpresan ere kalteak eragin dituzte uholdeek.

Tafalla inguruko herrietan kalte handiak eragin dituzte euriteek eta uholdeek, halaber. Puiun, adibidez, jatetxe batean sartu da ura, uharka. Orbaibarren ere kalteak egin ditu ibaiak. Erriberrin, estu eta larri erreparatu diote ibaiaren egoerari. Momentu batzuetan 2007ko uholdeetan izan zuen mailara eta emarira gerturatu da, baina Nafarroako Gobernuak jakinarazi du 23:10ean jo duela goia errekak. Nolanahi ere, Erriberrin ere gainezka egin du, eta zabor kontainer batzuk arrastaka eraman ditu, baina uraldeek ez dute sortu Tafallan adinako kalterik. Azkoain alderako bidea itxita egon da. Lizarrerrian ere sentitu dituzte ondorioak: San Adrianen, herriko hogei bat kale itxita eduki dituzte ur errekengatik, eta herritar askoren etxera sartu da ura.

Zezenketa, bertan behera

Iruñean ere utzi ditu ondorioak euriteak, baina ez horren kaltegarriak. Arratsaldean euria indartsu ari bazuen ere, eta begiak ibaietan jarrita bazeuden ere, ez da kalte larririk sortu. Zezen plazan, ordea, larri ibili dira eguraldiaren itxura ikusita, eta, azkenean, arratsaldeko zezenketa bertan behera uztea erabaki dute. Antolatzaileen esanetan, hogei urtean aurreneko aldia da sanferminetako zezenketa bat bertan behera utzi dutena.

Gaurko eguraldi iragarpena

Gaurko ez da uholde arriskurik Tafalla inguruan, eguraldi iragarpenaren arabera. Eguraldiak atertzera egingo du gaur, Nafarroa erdi eta hegoaldean, eta, goizean euria egin badezake ere, ez da prezipitazio askorik izango. Arratsaldean ateri izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.