Uholdeak Tafalla aldean

Tafallarrak garbiketa lanak egitera atera dira biharamunean

Pertsona bat hil da uholdeen ondorioz, eta kalte materialak ere handiak izan dira. Tafallako Udalak eskatu du ingurua "hondamendi eremu" izendatzeko. Nafarroako Gobernuak adierazi du tramiteak egingo dituela diru laguntzak eta kalte-ordainak eskuratzeko. Hainbat errepide moztuta daude Tafalla inguruko herrietan.

Gorka Berasategi Otamendi -

2019ko uztailak 9

* Uholdeek gazte baten heriotza eta kalte material handiak eragin dituzte.

* Uholdeek eragindako kalteak aztertzen ari dira erakunde publikoak.

* Aemetek aitortu du berandu iritsi zirela.

* Sei orduan 0,18tik 5,75era igo zen uraren maila Zidakos ibaian.

* Jesus Arrizubieta Tafallako alkatea: "Ura kanoikadaka bota du naturak".

Zuzeneko kontakizuna

18:32
2019-07-09

Tafallako udalak auzolanerako deia egin du

Hondamendiaren biharamunean, Tafallako udalak auzolanean jarraitzeko deia egin die herritarrei. "Ekarri palak, erratzak, eskorgak, eskularruak etab.", adierazi dute. Kalte handiak utzi dituzte uholdeek, eta ondorioei aurre egiteko, "laguntza oro ongi etorria" izango dela nabarmendu dute.

Nagore Arin

18:15
2019-07-09

Nafarroako Alderdi Popularrak ekimen multzo bat proposatuko du, uholdeen ondorioei aurre egiteko

Ana Beltran Nafarroako Alderdi Popularreko presidenteak adierazi duenez, alderdiak ekimen multzo bat proposatuko du Kongresuan eta Senatuan, ingurune kaltetuetan "premiazko ekintzak" eskatzeko. Adierazpen batean azaldu dutenez, alderdiak lehentasunezkotzat jo du kalteak aztertu eta laguntza ekonomikoen programa bat osatzea.

Nagore Arin

17:44
2019-07-09

Tafalla inguruko tren zerbitzuak etenda jarraituko du ostirala bitartean

Adifek jakinarazi duenez, ostirala bitartean luzatuko dira Tafalla inguruko tren zerbitzua konpontzeko lanak. Guztira 12 kilometroko bidea dago konpontzeke, Tafalla eta Garinoain artean eta Tafalla eta Erriberri artean banatuta. Hornidura arazoak konpontzeko abiatu dituzte lan hauek. Horrez gain, trenbidearen gainera eroritako hainbat zuhaitz kentzeko lanean aritu dira, esaterako, Erriberri eta Caparroso artean. Lanek iraun bitartean, plan alternatiboak ezarri ditu Adifek, erabiltzaileen mugikortasuna errazte aldera. Horretarako, autobus zerbitzuak eta zirkulazio batzuen desbideratzeak antolatu dituzte.

Nagore Arin

17:26
2019-07-09

Ingurune kaltetuetan izan da Nafarroako Gobernuko ordezkaria

Jose Luis Arasti Nafarroako Gobernuko ordezkaria ere izan da uholdeek kaltetutako inguruetan. Jakinarazi duenez, udaletxeen eskura jarriko du Espainiako Gobernuak horrelako larrialdi kasuetarako aurreikusten dituen laguntzen inguruko informazioa. Asmoa, udaletxeek eskariak onartu eta kaltetutako ingurua "hondamendi eremu" izendatzea da.

Nagore Arin

17:06
2019-07-09

Atarrabiarra da uholdeen ondorioz hil den gaztea

Foruzaingoek jakinarazi dutenez, atarrabiarra da uholdeen ondorioz hil den 25 urteko gaztea. Autoan zihoala, euri jasa hasi eta barruan harrapatuta gelditu zen. Larrialdietara deitu zuen, egoeraren berri emateko. Laguntza iritsi zenean hilik topatu zuten atarrabiarra, autotik ehun bat metrora. Moriones eta Gardalain artean gertatu zen ezbeharra, Ezporogi udalerritik gertu.

Nagore Arin

16:50
2019-07-09

Hiru lan mahai osatu ditu Tafallako udalak, normaltasuna berreskuratzeko

Ahalik eta azkarren normaltasuna berreskuratzeko asmoz, hiru lan mahai antolatu ditu Tafallako udalak. Lehena, mahai teknikoa, suhiltzaileen buruak bideratuko du. Udaltzaingoak, Foruzaingoak eta Guardia Zibilak osatuko dute. Bigarrena herritarren arretarako bulegoa da. Udaletxeko atarian moldatu dute, uholdearen eraginak jasan dituzten bizilagunak entzun eta euren kezkak argitu ahal izateko. Hirugarren mahaia, laguntzeko asmoz doazen boluntarioak bideratzeko osatu da.

Nagore Arin

16:24
2019-07-09

Kalteak aztertuta, ingurua "hondamendi eremu" izendatzeko eskatuko du Nafarroako Gobernuak

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko jarduneko presidenteak adierazi duenez, "ezinezkoa da kalteen zenbaketa egitea", baina, azpiegiturak, eraikinak, uztak eta lokal ugari kaltetu ditu urak. Udalerriei eskatu die eskariak onartu ditzaten, kaltetutako ingurua "hondamendi eremu" izendatzeko tramiteak martxan jarri ahal izateko.

Nagore Arin

16:04
2019-07-09

Etxebizitza bat hutsarazi dute Tafallan, erortzeko arriskuagatik

Martin Espronceda kalean dago hutsarazi duten etxebizitza, uholdeen ondorioz kaltetuenetakoa izan den kalean, hain zuzen. Ibaiaren ondoan dago kalea, eta hori dela eta, kalte gogorrak jasan ditu etxebizitzak. Guardia Zibilak jakinarazi duenez, erortzeko arriskuan dago beheko zatia. Tafallako udaletxeko artikektoak eman du etxea husteko agindua. Etxebizitza horretako kideak euren senideen etxeetara joan dira. Etxea inguratzen duen kalearen zatia ere itxi egin dute.

Nagore Arin

15:53
2019-07-09

Geroa Baik elkartasuna adierazi die uholdearen eraginak jasan dituztenei

Babesa eta elkartasuna adierazi die. Halaber, doluminak eman dizkie uholdeen ondorioz hildako gaztearen familia eta lagunei. Adierazpen batean azaldu dutenez, "bizilagun guztientzat hondamendia suposatu duten uholde larriak" izan dira, eta eskertu egin du "egoera zaila izanik ere laguntzen diharduten bizilagunen lana". Bizilagunak ez ezik, zerbitzu publikoen lana ere goraipatu du alderdiak, "inguruko herritarren ongizatea bermatzeko lan nekaezina" egiten ari baitira.

Nagore Arin

15:44
2019-07-09

Hualderen esanetan, Parlamentua prest dago Tafallan eta inguruan "normaltasuna berreskuratu dadin" lan egiteko

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak adierazi duenez, "hondamendia" izan da Tafalla eta inguruan gertatu dena. Horregatik, Nafarroako Parlamentuaren laguntza eskaini du, ahalik eta azkarren "normaltasuna berreskuratu dadin" lan egiteko.

Nagore Arin

14:53
2019-07-09

Erreskateak baratzetan

Uholdeek inora joan ezinik utzi zituzten herritan ugari, bat-batean. Urak ezustean harrapatu zituen, eta isolatuta gelditu ziren denbora gutxian. Hala gertatu zitzaien baratzetan lanean ari ziren hainbati. Batzuk txabolen gainera igota egon behar izan zuten laguntzaren zain. Bizilagunak eta boluntarioak joan zitzaizkien erreskatera, noranahiko autoekin.

Beste batzuk, berriz, trenean gelditu ziren ez atzera eta ez aurrera. Sanferminetatik bueltan zihoazen bidaiariz beteta zegoen bi solairuko Alvia trenak Madrilera joan behar zuen, baina Garinoain eta Tafalla artean gelditu behar izan zuen, 19:40ak aldera, argindar nahikorik ez zuelako. 420 bidaiariak Madrilera eramateko autobusak antolatu behar izan zituen Renfek.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

14:36
2019-07-09

Navarra Sumak laguntza bereziak eskatu dizkio Espainiako Gobernuari

Uholdeek kaltetutako ingurua hondamendi eremu izendatzeko eskatu dio Navarra Sumak Nafarroako Gobernuari. Espainiako Gobernuari, berriz, ezohiko laguntzak emateko galdegin dio. Eskuineko koalizioak iragarri du proposamen bana aurkeztuko duela Espainiako Kongresuan eta Senatuan eskari hori formalki egiteko.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

14:21
2019-07-09

EH Bilduk larrialdi neurriak eskatuko ditu Espainiako Kongresuan

Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak legez besteko proposamen bat aurkeztu du gaur Espainiako Kongresuan, "ahalik eta azkarren" Tafallan eta inguruetan izan diren uholdeen kalteei aurre egiteko. Larrialdi plan bat eskatu du horretarako.

Koalizioaren iritziz, "beharrezkoa" da "premiaz" esku hartzea "oinarrizko azpiegituretan", zerbitzuak berreskuratzeko. Espainiako Gobernuari eskatu dio kalte guztiak zenbatu ditzala, Nafarroako erakundeekin elkarlanean.

Horrez gain, EH Bilduk gobernuari dei egin dio laguntza programa integral bat onartzera. Lor ditzakeen diru laguntza eta kalte ordainak eskuratzeko tramiteak hasteko ere galdegin dio.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

14:09
2019-07-09

Uholdeetan hildako gidariak larrialdi zerbitzuetara deitu zuen, laguntza eskatzeko

Uholdeetan hildako gidariak larrialdi zerbitzuetara deitu zuen, atzo, laguntza eske. Foruzaingoak jakinarazi duenez, 112 telefono zenbakira deitu zuen 20:30ak aldera, eta abisu eman zuen ibaiak arrastaka zeramala gidatzen ari zen autoa. Foruzainek autoa aurkitu zuten, eta handik ehunka metrotara agertu da gorpua. Gaur goizera arte ezin izan dute hura erreskatatu. Auzi medikuaren esku utzi dute goizean, autopsia egin diezaioten.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

13:45
2019-07-09

Zidakos ibaiaren emariak orain arteko marka guztiak hautsi ditu Erriberrin

Duela 30 urte datuak biltzen hasi zenetik, Erriberriko estazioak ez du sekula halako kopuru handirik erregistratu. Zidakos ibaiaren emaria estazio horrek sekula neurtu duen handiena izan zen atzo. Nabarmen gainditu zuen estazioko gehienezko neurria, 5 metrok garaieran eta segundoko 386 m3-an ezarria.

Informazio gehiago

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

13:37
2019-07-09

Laborantza ugari hondatu dituzte uholdeek eta ekaitzek Izarbeibarren

Txingorrak eta euriteek batetik, eta Zidakos ibaiaren uholdeek bestetik, labore ugari hondatu dituzte Izarbeibarren, Felix Bariain UAGN sindikatuko presidentearen esanetan. Tuteran ere kalteak izan dituzte lekale laboretan eta, bereziki, barazki laborantzetan. Berdin gertatu da San Adrianen eta Andosillan ere. Inguru horretan, mahasti batzuk hondatu dira, halaber.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

13:22
2019-07-09

Aemet meteorologia agentziak adierazi du ezin izan zuela ekaitzaren indarra aurreikusi

Aemet meteorologia agentzian ez zuten halakorik espero, eta aitortu dute "berandu" iritsi zirela; 17:00etan ezarri zuten abisu laranja. "Bagenekien ekaitz indartsuak egongo zirela, eta ezarria genuen abisu horia. Gero etorri zena ezin izan genuen aurreikusi". Halako ekaitzen berri izateko egun dituzten "zailtasun teknikoak" argudiatu ditu Peio Oria Nafarroako Aemeteko arduradunak. Bere hitzetan, "ezohikoa eta muturrekoa" izan zen. Ekaitz perfektua. "Euri kantitate handikoa, eremu jakin batera mugatutakoa, eta luze —bi-hiru ordu— iraun zuena".

Informazio gehiago

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

12:59
2019-07-09

Jesus Arrizubieta Tafallako alkatea: "Aitaren batean gertatu da dena"

Jesus Arrizubieta Tafallako alkateak sinetsi ezinda bezala azaldu du atzo herrian bizi izan zutena. "Deitu ninduten esateko ibaia gainezka egitear zegoela, eta iritsi eta ibai ertzera hurbiltzean atzera egin behar izan genuen gainezka egina zegoelako". Alkatearen esanetan, ez zuen abisurik jaso, ezta izan diren tamainako euri jasen iragarpenik ere. "Nahiko genukeen jakinaren gainean egon erreka inguruetan bizi diren bizilagunei jakinarazi eta autoak atera zitzaten, kalte materialak txikiagoak izango ziren", adierazi du.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

12:50
2019-07-09

Nafarroako Gobernuak kaltetutako udalerriei lagunduko die laguntza eskariak tramitatzen

Uxue Barkos Nafarroako jarduneko presidenteak karletutako herrietako alkateekin bildu da gaur goizean, Tafallako udaletxean. Bileraren ostean adierazi du Nafarroako Gobernuak laguntzak lortzeko tramiteekin lagunduko diela udalerri kaltetuei, eta eskariak aurkeztera deitu ditu, "hondamendi eremu" izendatuak izan daitezen. Barkosek nabarmendu du udaletako askok hondatuta dituztela herrigunerako sarbideak. Barkosen esanetan, horri irtenbidea ematea eta segurtasuna bermatzea izango dira gobernuaren lehentasunak.

Informazio gehiago

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

12:19
2019-07-09

Argindarra berreskuratu dute Erriberrin eta Pitillasen

Erriberri eta Pitillaseko etxebizitza eta enpresek argindarra dute berriro, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez. Bi herri horietan izan dituzte arazorik handienak argindar hornidurarekin.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

12:16
2019-07-09

A-15 autobideko ordainlekua doakoa izango da Imarkoainen, N-121 errepidea konpondu artean

Uxue Barkos Nafarroako jarduneko presidenteak jakinarazi duenez, doakoa izango da Imarkongo A-15 autobideko ordainlekua, N-121 errepidea konpondu artean. Bide hori guztiz hondatu du Zidakos ibaiak, Puiu parean. Barkosen esanetan, errepidea konpontzeko lanek hilabete bat edo bi iraungo dute.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

12:05
2019-07-09

Zidakos ibaia 5,5 metro igo zen sei ordutan

Arratsaldeko 17:30ean 0,12 metroko altuera zuen Zidakos ibaiak, baina hortik aurrera uraren mailak gora egin zuen etengabe, eta gainezka egin zuen. Ur emari handiena gauerdian izan du.

Informazio gehiago

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

11:57
2019-07-09

Eragozpenak tren zerbitzuan

Bertan behera gelditu da trenen joan-etorria Tafalla eta Garinoain artean. Adifek eten egin du zerbitzua argindar hornidurarik gabe gelditu direlako tarte horretako hainbat puntu. Tafalla eta Erriberri arteko bidean ere hornidura arazoak daude. Horrez gain, Erriberri eta Caparroso artean, hainbat zuhaitz erori dira trenbidearen gainera.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

11:51
2019-07-09

Argindar hornidurarekin arazoak dituzte Erriberrin

Uholdeen eraginez, argindarrik gabe daude Erriberriko hainbat eremutan. Pitillasen ere zenbait eragozen dituztela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

11:49
2019-07-09

Eraikinak ikuskatzen ari da Tafallako udala

Tafallako Udalak mahai tekniko bat sortu du uholdeek eragindako kalteak neurtzeko. Udal arkitektoa hainbat eraikin ikuskatzen ari da. Kaltetuenetakoa izan den Martin Espronceda kalean —ibaiaren ondoan dago—, etxebizitza bat hutsarazi dute, zimendatze arazoengatik.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

11:44
2019-07-09

Itxita jarraitzen du N-121 errepideak Puiu parean

Zidakos ibaiak irentsi egin du N-121 errepidea, Puiu parean. Errepidea guztiz hondatuta gelditu da. Bidea zegoen tokian zulo handi bat dago orain. Horrez gain, itxita daude Santakara, Pitillas, Beire eta Erriberriko bigarren mailako hainbat errepide ere.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

11:39
2019-07-09

Barkos inguru kaltetuko alkateekin bildu da

Uxue Barkos Nafarroako jarduneko presidentea uholdeek kaltetutako herrietako alkateekin bildu da gaur goizean.

Informazio gehiago

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

11:25
2019-07-09

Dena ez da etsipen. Asko dira erratzekin eta ontziekin laguntzera heldu diren bizilagunak. "Guk ez dugu kalterik pairatu, baina gertatu izan balitzaigu, gustatuko litzaiguke norbait laguntzera etortzea", adierazi du Jaione Amilibia bizilagun eta AEK-ko irakasleak.

11:21
2019-07-09

Herritar batzuk etsita agertu dita jasan dituzten kalteengatik

Tafallako Udalak bulego bat ireki du kalteak jasan dituzten herritaren arretarako. Zenbaitek kalte handiak izan dituzte; Espronceda kaleko burdindegikoek, esaterako. Bizi osoko lana handatu zaiela adierazi dute.

11:12
2019-07-09

Dozenaka auto eraman ditu urak arrastaka

Uholdeek atzo izan zuten indarraren erakusle dira beheko irudiak. Urak dozenaka auto eraman zituen, jostailuzkoak balira bezala. Iraulita edo okerta, eta horietako hondatuta, agertu dira gaur goizean.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

11:11
2019-07-09

Ibaiaren ertzekoa da eremurik kaltetuena Tafallan

Ibaiaren ertzeko eremua da kalte handiena pairatu duena: igerilekua, Eskolapioen ikastetxea eta Espronceda kaleko hainbat saltoki daude lokatzak hartuta.

11:08
2019-07-09

Tafallako Udalak herritarren laguntza eskatu du hondakinak jaso eta kaleak garbitzeko. Adierazi du ezinbestekoa izango dela auzolana, eta maha bat sortu du lagundu nahi duten herritarrak koordinatzeko. Herritarrak goizeko lehen ordutik ari dira lanean.

11:04
2019-07-09

Kalteak neurtzen eta kaleak garbitzen ari dira kaltetutako herrietan

Uholdeen kalteak jasan dituzten herrietako udalak eta bizilagunak goizeko lehen ordutik hasi dira lanean, kalteei aurre egiteko. Tafallako udalak diru laguntzak eskatu dizkie Nafarroako Gobernuari eta Espainiakoari, eta kaltetutako ingurua "hondamendi eremu" izendatzeko eskatu du.

Informazio gehiago

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

11:02
2019-07-09

Hildako bat eta kalte material ugari eragin dituzte uholdeek Tafallan eta inguruetan

Zidakos eta Sansoain ibaiek gainezka egin zuten, atzo, Tafallan eta gertuko hainbat herritan. 25 urteko gazte baten heriotza eragin du Ezporogin, eta kalte material handiak etxebizitza eta saltoki ugaritan. Urak dozenaka auto eraman zituen arrastaka. Auto horietako batean harrapatuta gelditu zen Ezporogin zendutako gaztea.

Informazio gehiago

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi