Erreakzioak

Jesus Arrizubieta Tafallako alkatea: "Ura kanoikadaka bota du naturak"

Kalteak zenbatu ezinak direla esan du Uxue Barkos Nafarroako jarduneko presidenteak, eta azpiegiturek izango dutela lehentasuna. AP-15 autobidea doakoa izango da inguruetako errepideak konpondu bitartean.

Tafallar bat, goizean, garbiketa lanetan. IñIGO URIZ, FOKU
jon ordonez garmendia
2019ko uztailaren 9a
11:36
Entzun

"Aitaren batean gertatu da dena". Jesus Arrizubieta Tafallako alkateak sinetsi ezinda bezala azaldu du atzo herrian bizi izan zutena. "Deitu ninduten esateko ibaia gainezka egitear zegoela, eta, iritsi eta ibai ertzera hurbiltzean, atzera egin behar izan genuen, gainezka egina zegoelako". Zidakos ibaiaren ur maila atzo sei orduan 0,18tik 5,75era igo zen, eta arratsaldetik gauerdira izandako euri jasek hildako bat eta kalte material handiak eragin dituzte.

Lokatz arteko garbiketa eguna dute gaur Tafallan, eta alkateak gertatutakoan berri eman du. Oraindik kalteak zenbatzen ari dira. Udalerria hondamendi gune izendatzeko eskatu du udalak, eta bulego bat jarri du uholdeek kalte egin dieten bizilagunak hartzeko. "Bizilagunek diote zarata entzun dutela, ura barruan dutela, presio asko dagoela, garajeetan ura dagoela, eta, noski, zure etxean hotsak entzuten dituzunean, beldurtu egiten zara", gaineratu du.

Tafallako udal arkitektoa eraikinetako kalteak aztertzen ari da, batik bat ibaitik gertuen daudenetakoak. Esan du oraingoz ondo daudela, zutoinez eutsi behar den toki bat izan ezik.

Arrizubietak adierazi du abisurik ez zuela jaso berak, eta izan diren tamainako euri jasen iragarpenik ere ez zuela. "Nahiko genukeen jakinaren gainean egon erreka inguruetan bizi diren bizilagunei jakinarazi eta autoak atera zitzaten; kalte materialak txikiagoak izango ziren".

Doluminak eta eskerrak eman ditu Barkosek

Uxue Barkos jarduneko Nafarroako presidentea gaur goizean izan da Tafallan, eta ez du sartu nahi izan egin ziren iragarpenen gaineko eztabaidan. Kritikak egiten badira, eraikitzaileak izan behar dutela azaldu du. Barkosek doluminak agertu ditu Ezporogin hil den gaztearengatik. Elkartasuna agertu dio familiari. Gainera, eskerrak eman dizkie Nafarroako larrialdietako langileei, foruzainei, suhiltzaileei, guardia zibilei eta udaltzainei "azken orduetako lanagatik". Azpimarratu du koordinazio ona egon dela horien artean egoera "izugarri" honi aurre egiteko.

Barkos Tafallako eta inguruetako herrietako ordezkariekin bildu da goizean, eta eskatu die herri horiek hondamendi gune izendatzeko eskaerak egiteko. Nafarroako Gobernuak erraztasunak emango dizkie herritarrei diru laguntzak eta aseguruetako kalte-ordainak eskatzeko, ahalik eta lasterren egin ahal izan ditzaten.

Barkosek esan du oraindik goiz dela kalteak zenbaterainokoak izan diren jakiteko: "Azpiegiturez, eraikinez, uztez eta lokalez ari gara". Manu Aierdi jarduneko Ekonomia Garapen kontseilaria berarekin izan da Tafallan. "Herri askotara iristeko sarbideetan kalte handiak dauzkagu. Segurtasunarekin batera, hori da lehentasuna", esan du Barkosek.

N-121 errepideak eta inguruetako beste batzuk kalte larriak izan dituzte, eta lanak izango dira horiek konpontzen. Horrek trafikoan sortzen dituen eragozpenak leuntzeko asmoz eta lan horiek bizkortzeko, Nafarroako Gobernuak erabaki du AP-15 autopista doakoa izatea

Nafarroako jarduneko presidenteak jakinarazi duenez, argindarra badute berriro uholdeak jasan dituzten udalerrietan, eta nahiz eta batzuetan oraindik uraren hornidura etenda dagoen, arazo handirik gabe hori konpontzea espero dute. "Pitillas bezalako herriek kezkatzen gaituzte. Uraren maila guk nahi baino astiroago ari da jaisten", esan du.

EH Bilduk larrialdi plan bat eskatu dio Madrili

Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak legez besteko proposamen bat aurkeztu du gaur Espainiako Kongresuan, "ahalik eta azkarren" Tafallan eta inguruetan izan diren uholdeen kalteei aurre egiteko. Larrialdi plan bat eskatu du horretarako.

Koalizioaren iritziz, "beharrezkoa" da "premiaz" esku hartzea "oinarrizko azpiegituretan", zerbitzuak berreskuratzeko. Espainiako Gobernuari eskatu dio kalte guztiak zenbatu ditzala, Nafarroako erakundeekin elkarlanean.

Horrez gain, EH Bilduk gobernuari dei egin dio laguntza programa integral bat onartzera. Lor ditzakeen diru laguntza eta kalte-ordainak eskuratzeko tramiteak hastea ere galdegin dio.

Navarra Sumak ere laguntzak eskatu dizkio Espainiako Gobernuari uholdeak kalte egin dienentzat. Eskuineko koalizioak iragarri du proposamen bana aurkeztuko duela Espainiako Kongresuan eta Senatuan eskari hori formalki egiteko. Nafarroako Gobernuari, berriz, uholdeek hondatutako ingurua hondamendi eremu izendatzeko eskatu dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.