Getxophoto jaialdia

Teknologia berriek norbanakoengan duten eragina landuko du Getxophoto jaialdiak

Irailaren 4tik 29ra bitarte egingo da Getxoko (Bizkaia) Nazioarteko Irudi Jaialdiaren 13. aldia, ‘Post Homo Sapiens. Etorkizuna programatu’ izenburupean

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko uztailaren 9a
07:45
Entzun

“Gizateriaren etorkizunari buruzko gogoeta egingo dugu, eta gaur egun ditugun erronkak azaldu”. Jokin Aspuru Getxophotoko zuzendariak esaldi bakarrean bildu du aurtengo jaialdiaren xedea. “Tranhumanismo kontzeptua gero eta hurbilago dugu, eta automatizazioak eta adimen artifizialak gizakiarengan izango duen eraginari buruz gogoetatuko dugu”. Gaur goizean eman ditu Aspuruk azalpenak, Algortako Portu Zaharrean jaialdiaren 13. aldia aurkezteko egindako agerraldian. Amaia Aguirre udalerriko alkatea izan du aldamenean. Gaiari buruzko gogoeta egin du Aspuruk: “Munduan izan diren aldaketen aurrean indar handia hartu du globalizazioaren aurkako mugimenduak; baina, diotenez, etorkizunean, robotizazioaren kontrako mugimenduak hartuko du leku hori”.

Hiru urteko komisariotzak egiten ditu jaialdiak, eta Monica Allende komisarioaren azken urtea da aurtengoa. 2017an hartu zuen Allendek jaialdiaren gidaritza, eta “trantsizioaren trilogia”, hiru edizioko iraupena izan duen gaia aurkeztu zuen orduan. “Oro har, esango nuke, denok dugula sentipena teknologia berrien agerpenaren ondorioz aldaketa momentu batean bizi garela. Ezagutzen ez dugun etorkizunerantz goazela dirudi eta nolabaiteko ezinegona sortzen digu horrek. Nondik gatozen eta nora goazen aztertzea izan da azken hiru urteetako jaialdien asmoa”, azaldu du Aspuruk. 2017an bere horretan landu zuten gaia artistek, postglobalizazioaren zentzu zabala arakatuz. “Globalizazioak mundu mailan ekarri dituen aldaketa guztiak landu genituen, ardatz orokorrei helduz”. Iaz, aldiz, gatazkak landu zituzten. “Zoom-a jarri genion trantsizioaren gaiari, eta globalean begiratu baino, gizartean jarri genuen fokua”.

Aurtengoan itxiko dute trilogia. Hala zehaztu du jaialdiko zuzendariak. “Azken kapitulu honetan are gehiago itxiko dugu zoom-a, norbanakoei begira jarriz. Azelerazio eta automatizazio prozesuek ekarritako erronkak aztertuko ditugu. Izan ere, ez dakigu nola eragingo digun guzti horrek”. Besteak beste, androideen eta gizakien arteko bereizketa edo bereizketa eza landuko dute Getxophoton izango diren artistek. Neil Harbisson artista ingelesa izango da, besteak beste, jaialdian. Aktibista Cyborg-a da Harbisson: robot zatiak atxikita ditu gorputzean, eta buruan txertatuta duen antena bati esker, gai da gizakiek igartzen ez dituzten kolore eta izpi infragorriak ikusteko. “Etorkizunean gertatu daitekeenari buruzko argibidea izan liteke”.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.