Enpresak

CAFek 192 milioi euroko kontratua lortu du Milanen

250 autobus elektriko Solaris saldu dizkio ATM Milano garraio operadoreari. Eragile horrek hiriko diesel autobus guztiak kentzeko helburua jarri du 2030. urterako.

Solaris etxeko 'Urbino' autobus elektrikoak. CAF
xabier martin
2019ko uztailaren 10a
07:30
Entzun

Beasaingo CAFek Poloniako Solaris autobus enpresa erostean bete-betean asmatu duela gero eta garbiagoa geratzen ari da autobus elektrikoen merkatuak bizi duen oparotasuna kontuan hartuz. Euskal konpainiak ohar batean azaldu du 192 milioi euroko kontratu handia egin duela ATM Milano garraio operadorearekin. 250 autobus elektriko Solaris hornituko ditu Italiako hiri finantzarioaren diesel autobus guztiak kentzen laguntzeko.

CAF 40 autobuseko lehen sorta 2020ko ekainean entregatzen hasiko dela jaso dute kontratuan. Proiektu horri esker, Solarisek autobus elektrikoen segmentuan Europako lider gisa duen posizioa sendotu duela dio euskal konpainiak. Izan ere, ATM Milanorekin egindako esparru-akordioa Solarisek orain arte lortu duen handienetako bat da. Ez alferrik Europan autobus elektrikoak fabrikatzeko proiektu handiena da.

Hala, Italiako operadoreak 2030. urtea baino lehen diesel ibilgailuak kentzeko egindako apustu irmoak agerian utzi du Solarisen Urbino modelo elektrikoan dagoen konfiantza Europan. Milanek aukeratutako ibilgailua Urbino 12 elektrikoa da. Horixe da Solarisen produktu ezagunena. Europako hamazazpi herrialdetako dozenaka bat hiritan ibiltzen da jadanik. Bistakoa den moduan, horrek agerian uzten du garraio arloko agintariek ibilgailuan jarritako konfiantza. Modelo horrek  "Bus of the Year 2017” saria jaso zuen.

Hamabi metroko Urbino elektrikoa Solaris High Energy motako bateriekin ekipatua dago, eta 240 kWh baino gehiagoko gaitasuna dauka. Bateria horien energia elektrikoa pantografoaren zein autobusen biltegian dagoen entxufe bidezko gailuaren bidez birkargatzen da.

Milanek 2014an ezagutu zituen estreinakoz Solaris etxeko autobusak; gaur egun marka horretako 150 autobusek (motor elektrikoa duten 25 autobus daude) eskaintzen dute zerbitzua Italiako Lonbardiako hiriburuan.

Solarisen erosketa

2018ko irailean itxi zuen CAF Taldeak Solaris enpresa erosteko akordioa. Poloniako autobus ekoizleak 450 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa izan zuen 2018. urtearen itxieran eta, ekitaldi hartan, 1.226 ibilgailu hornitu zituen. Horien artean, autobus konbentzionalak (diesel eta GNC) eta e-mobility lerroko ibilgailuak; azken horiek gero eta kopuru handiagoan. Segmentu horretan, gainera, Solarisek irtenbideen gama zabala du (hibridoak, trolebusak, bateria, hidrogenoa). Solaris enpresa gehituta, CAF Taldea hiriko autobus jasangarrien segmentuan merkatuko gaur egungo liderretako bat da.

Autobus elektrikoaren merkatuan sendo ari da, era berean, beste euskal enpresa bat: Irizar. Ormaiztegiko kooperatibak salmentak igotzen ari dela erakutsi du aurreko hilean egindako kontratu sorta batek. Kooperatibak zero isuriko 20 ibilgailu elektriko saldu ditu Madrilen, eta beste hamahiru Gasteizen. Hain zuzen, CAFi gailendu zaio Gasteizko eskaera handiaren lehian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.