Indarkeria matxista

Ainhoa Artetak kontatu du 1990ean bortxatu eta ia hil egin zutela

New Yorken izan zen erasoa, lehen opera batean parte hartzeko gonbidapena egin zioten egun berean.

Ainhoa Arteta, artxiboko irudi batean. CATI CLADERA / EFE
Nagore Arin.
2019ko uztailaren 10a
09:01
Entzun

Hogeita bost urte zituen pasarte gogor hura bizi zuenean, baina oraindik ondo baino hobeto gogoratzen du. "Nire bizitzako pasarterik gogorrenetakoa izan da", adierazi du, TVE Espaniako telebista katean egin dioten elkarrizketa batean. "Ez zen izan bortxaketa soilik: ia hil egin ninduen gizon hark".

Artetak azaldu duenez, 1990ean New Yorken zuen bizilekua ez zen inguru lasaia. "Egunez  merkataritza eremu zena prostituten, proxeneten eta drogen bilgune bilakatzen zen gaua iristean... Azpimundu beldurgarri bat". Familia bat eta neskatila bat zaintzen lan egiten zuen abeslariak, eta, egun batean, etxera bidean, eraso egin eta bortxatu egin zuen gizon batek; hain justu, lehen opera batean parte hartzeko gonbita egin zioten egun berean. Lau egun zituen Artetak egokitu zitzaion rola ikasteko; Rosinniren Errauskine obran parte hartu behar zuen, Clorindarena eginez. Partiturak eskuan zituela eraso zion gizonak. "Ez nuen denborarik izan dolua igarotzeko, ez eta gertatu zitzaidanaren inguruan pentsatu eta hausnartzeko ere", adierazi du. "Bizirik egotea zoriontsu egoteko modukoa zela esan zidan Poliziak".

Pasarteak ondorioak utzi ditu abeslariarengan. "Nazka sentitzen nuen norbait niregana gerturatzen zenean, bai bere gustokoa nintzelako edo beste edozein arrazoirengatik". Horregatik, egoera horien aurrean bere jarrera "irmoa" izan dela adierazi du, eta, kasu batzuetan, baita "hezibide txarrekoa" ere. Zoritxarreko esperientzia izan zen, baina Artetak aurrera egin zuen bere lehen operarekin. Ibildide oparo eta arrakastatsu baten hasiera izan zen, beste emakume askoren antzera, bidean indarkeriak zipriztindua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.