Txirrindularitza

Sagan agertu da Tourrean

Nagusitasun handiz gailendu da Colmarreko esprintean, eta lehen etapa garaipena lortu du. Ez da aldaketarik egon sailkapen nagusian.

Peter Sagan etapa garaipena ospatzen. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko uztailaren 10a
12:34
Entzun

Agertu da Peter Sagan (Bora) Frantziako Tourrean. Lehen etapan bigarren izan zen, baina oraindik helmugan besoak altxatu gabea zen, eta Colmarren arindu du pisu hori, bosgarren etapan. Esprint luzea jokatu da, eta eslovakiarra nagusitasun handiz gailendu da. Inguruan taldekiderik izan ez arren, ez du parekorik izan azken ahaleginean. Wout van Aert (Jumbo) izan da bigarren, baina Saganen atzeko gurpil osoa hura baino lehenago sartu da helmugan. Hirugarren Mateo Trentin (Mitchelton) izan da. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik egon faboritoen artean, eta Julian Alaphilippek (Deceuninck-Quick Step) jarraitzen du lehen postuan. Frantziarra hamargarren izan da helmugan.

Saganek Tourrean irabazten duen hamabigarren etapa da, eta sei ekitaldi ezberdinetan lortu du gutxienez garaipenen bat. Ihesaldiak antolatu eta ehiztarientzat etapa aproposa izan arren, tropelak su-etena sinatu du gaurkoan. Bigarren eta hirugarren mailako hainbat koska egon arren, tropelak bat eginda igaro du eguneko azkena, helmugatik hamabost kilometrora. Ordurako ehiaztua zuen eguneko ihesaldia.

Mendate hori pasatu, eta Sunweb taldeak hartu du lasketerketaren kontrola.Tropelaren buruan jarri, eta luze-luze eginda eraman du. Argi zegoen taldeak fede itsua zuela Michel Matthewsengan, baina hark ez du eman maila, azkenean zazpigarren izan baita. Urte iluna egiten ari da, eta ez dirudi Tourrean argitu ahal izango duenik. Azken kilometroetan Lotto Jumbo taldeak hartu du tropeleko burua, Van Aert zen bere apustua, baina ezin izan dio Sagani irabazi buruz buruko lehian.

Ostegunean, mendia

Faboritoen artean ez da mugimendurik egon, hein handi batean osteguneko etapa menditsua buruan izango zutelako. Frantziako Tourra Vosgoetako medikatera iritsi zen da, eta bihar jokatuko da lehen mendiko etapa. 157 kilometro egingo dituzte Mulhouse eta La Planche des Belles Filleseko mendatearen artean. Etapak lehen mailako lau mendate, bigarren mailako bat eta hirugarren mailako bi ditu.

Amaiera da bereziki gogorra, lehen mailako bi igoera baititu azken 30 kilometroetan: Col des Chevreres motz eta pikoa (3,5 kilometro eta%9,5 ), eta, nola ez, La Planche des Belles Filles. Zazpi kilometroko mendatea da, %8,7ko batez besteko pendiza duena. Igotzaile handiek irabazi dute beti han: 2012an, Chris Froomek; 2014an, Fabio Aruk; eta 2017an, Vincenzo Nibalik. Hirurek, dena den, alde txikia atera zuten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.